Politika -

Ekainean egindako inkesta

PSOEk goranzko joera du, eta Podemosen beherakada areagotu da, CISen arabera

Bestalde, EH Bilduk behera egin du, botoen % 1,1etik 0,8ra pasa baita ekaineko inkestan, maiatzeko portzentaje bera; eta EAJ % 1,5ean kokatu da berriro, maiatzean bi hamarren galdu ondoren.

Pedro Sanchez eta Carmen Calvo ekitaldi batean. Argazkia: EFE/Kiko Huesca
Pedro Sanchez eta Carmen Calvo ekitaldi batean.
PSOEri sekulako gorakada ematen dio ekaineko CISen inkestak

1:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CISen azken inkestaren arabera, PSOEren boto-asmoak gora egiten jarraitzen du; izan ere, bozen % 39,5 eskuratuko lituzke, maiatzean baino hiru puntu gehiago. PPk bi puntu berreskuratuko lituzke, botoen % 13,7ra arte, eta Unidas Podemosen beherakada areagotuko litzateke, 2,6 puntu galduta. Koalizio moreak botoen % 12,7 bilduko lituzke.

Bitartean, Ciudadanosen babesak puntu erdi atzera egin du, % 15,8an kokatuz, Voxek bi hamarren galdu ditu, botoen % 5,1 eskuratuko lituzke, eta ERCk hamarren bat galduko luke, % 3,9an geratuz, CISen arabera. Inkesta ekainaren 1etik 11ra egin zuten, maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeak egin eta astebete geroago.

Sozialisten goranzko joera apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan hasi zen, orduan bozen % 28,7 lortu zituzten. Bestalde, PP berriz suspertu da iragan hilabeteko beherakadaren ondoren, baina apirilaren 28an lortutako % 16,7ra heldu barik.

Hala eta guztiz ere, PPk Ciudadanosen atzetik jarraitzen du. Alderdi laranjak maiatzeko inkestan PP gainditu zuen aurrenekoz. Unidas Podemosi, ostera, puntu bateko aldea ateratzen dio Pablo Casadoren alderdiak.

Pablo Iglesiasen koalizioak behera egin du berriro, eta hauteskundeetako % 13,7aren azpitik jarraitzen du; izan ere, botoen % 12,7 eskuratuko lituzke orain. Maiatzeko inkestak bozen % 15,3 eman zizkion koalizio moreari.

Ciudadanosen kasuan beherakada ez da esanguratsua; izan ere, hamarren bat galdu du soilik hauteskundeetako % 15,9arekin alderatuta.

Kataluniako indar independentistei dagokienez, ERCk bakarrik ez du atzera egin hauteskundeetako emaitzekin alderatuta. Bozen % 3,9 bereganatuko lituzke. Junts per Catalunyak zazpi hamarren galdu ditu, hautestontzietan botoen % 1,9 bildu baitzituen, eta orain 1,2an geratuko litzateke.

EH Bilduk behera egin du, botoen % 1,1etik 0,8ra pasa baita ekaineko inkestan, maiatzeko portzentaje bera; eta EAJ % 1,5ean kokatu da berriro, maiatzean bi hamarren galdu ondoren.

Navarra Suma koalizioak (PP, UPN eta Ciudadanos) % 0,4 erdietsi zuen hauteskundeetan. Ekaineko inkestaren arabera, bozen % 0,2 bereganatuko lituzke koalizioak, maiatzeko CISek % 0,5 eman zionean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE PP Espainia EH Bildu Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Vox Navarra Suma Hauteskunde inkestak