Politika -
Jaurlaritzaren txostena
20.000 euskal herritar hil zituzten Gerra Zibilean eta frankismoaren lehen urteetan
Horietatik ia 6.000 hilketa gizateriaren kontrako krimen izan ziren, gehienak errepublikanoen kontrakoak. Gudariak eta milizianoak ez ezik, matxinatuak ere aintzat hartu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Gerra Zibilean eta frankismoaren lehen urteetan izandako biktimen behin-behineko txostena aurkeztu du gaur. Horren arabera, guztira 19.998 euskal herritar hil zituzten 1936-1945 urteen artean. Horietatik 5.887 gizateriaren kontrako hilketak izan ziren. Hildako gehienak errepublikanoak izan ziren.
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak aurkeztu dute txostena. Jaurlaritzak EHUren Giza eskubideen Unesco Katedrarekin eta Aranzadirekin batera osatu du "Gerra Zibilean eta lehen frankismoan izandako hildakoak (1936-1945)" izena duen ikerketa.
Fernandezek eta Ezenarrok azaldu dutenez, 19.998 biktimen inguruko informazio guztia datu-base batera irauli dute, Gogora Institutuaren egoitzan, Bilbon, nahi duen orok eskura izan dezan.
Bi aldeetako hildakoak
20.000 biktima horietatik 698 identifikatu gabe daude. Gehienak gizonezkoak dira (18.958), eta 998, emakumezkoak. Gainerako 42 kasutan ezin izan dute generoa zehaztu.
Hildakoak heriotza motaren arabera sailkatu dituzte. Borrokan hildakoei dagokienez, 6.767 gudari eta miliziano eta 5.479 matxinatu zenbatu dituzte. Kartzelan 2.252 pertsona hil ziren (denak errepublikanoak), eta bonbardaketetan, 1.363 (tartean zibilak). Beste 1.130 lagun judizioz kanpoko exekuzioetan hil zituzten (denak errepublikanoak), eta 955 errepublikanoek borrokatik kanpoko ekintzetan eragindako hildakoak izan ziren. 895 errepublikano kondenatu zituzten heriotza zigorrera, eta 247 borrokatik kanpoko bestelako zergati batzugatik hil zituzten. 910 heriotza sailkatu gabe utzi dituzte.
Nazioarteko Zigor Zuzenbidearen arabera gizateriaren kontrako krimentzat jo daitezkeen hilketak zehaztu dituzte txostenean, hauexek: bonbardaketetan, judizioz kanpoko exekuzioetan, borrokatik kanpoko bestelako zergati batzuengatik, heriotza zigorrengatik edo kartzelan hildakoak. Gainerakoak, egileen arabera, ezin dira hala hartu.
Fernandez eta Ezenarro, txostenaren aurkezpenean. Argazkia: Irekia
"Dokumentazio hutsunea"
Fernandezek azaldu duenez, ikerketa "sakon eta zorrotza" egin dute Euskadiko erregistro zibilak, parrokiako heriotza-liburuak eta hilerrietako liburuak arakatuta. Datu horiek beste artxibo-iturri batzuekin alderatu dituzte, gainera.
Dena den, ohartarazi duenez, 70-80 hamarkaden artean erregistro zibiletan erantsi ziren datuak falta dira, ezin izan baitituzte oraindik konprobatu. Horrez gain, Gerra Zibileko biktima asko, gehienak errepublikanoak, ez zituzten inongo erroldatan sartu, eta beraz, ezin izan dituzte jaso.
Ingurumaria horretan, Fernandezek adierazi du tokiko ikerketekin eta familiaren lekukotasunekin 470 kasu erregistratu ahal izan dituztela. Hori horrela, deia egin die Gerra Zibileko biktimen familiei eskura dituzten datuak emateko.
Dokumentazio hutsune hori egon badagoela aitortuta, ikerketa "zabalik" dagoela erantsi du Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak. Euskaditik kanpo hildako euskal herritar askoren berri, adibidez, ez dute.
Azkenik, Fernandezek esan du txosten hori "lehen pausoa" dela Memoria Historikoaren egiaren aintzatespen instituzionala lortzen laguntzeko. Horren hitzetan, horretarako "babes zabalena eta plurala" behar da. Hain justu, hori lehenbailehen eskuratzeko lan egingo du Jaurlaritzak, "legegintzaldi honen amaieran edo hurrengoaren hasieran".