Politika -
Auzitegi Konstituzionala
155a ezarri izana babestu du Konstituzionalak, salbuespen neurria dela zehaztuta
Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, baina zehaztu du premiazko eta muturreko salbuespen egoeratan soilik ezar daitekeen neurria dela.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak begi onez ikusi du Katalunian Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu izana. Hala, Mariano Rajoyren Gobernuak bultzatu eta Senatuak 2017ko urriaren 27an onartutako neurria babestu du.
Aho batez hartu du erabakia Bermeen Auzitegiko epaimahaiak, Kataluniako Parlamentuak eta Podemoseko 50 diputatuk aurkeztutako helegiteei erantzunda.
Oraingoz erabakia bakarrik jakinarazi dute. Ebazpenaren xehetasunak aurrerago egingo dituzte publiko. Alabaina, EFE agentziak auzitegiko iturriak aipatuta zabaldu duenez, Konstituzionalak zehaztu du premiazko eta muturreko salbuespen egoeratan soilik ezar daitekeela 155. artikulua.
Eta, epaimahaiaren iritzian, Kataluniakoa salbuespen egoera zen, 2017ko urriaren 1ean erreferenduma egin zutelako eta ondoren aldebakarreko independentzia aldarrikatu zutelako.
Testuinguru horretan, 2017ko urriaren 27an, Senatuak baimena eman zion Espainiako Gobernuari Kataluniako erakundeen kontrola bere gain hartzeko.
Auzitegi Konstituzionalak independentzia aldarrikapena baliorik gabe utzi zuen orduan, eta orain 155. artikulua aplikatu izan babestu egin du, Unidos Podemos talde parlamentarioak eta Kataluniako Parlamentuak aurkeztutako konstituzio-kontrakotasun helegiteak baztertuta.
Aldizkari ofizialetako argitalpenei buruzko puntu batean soilik eman die arrazoia. Kataluniako Gobernuaren edo Parlamentuaren aldizkari ofizialetan publikatutako arauak bere oniritziarekin soilik sartuko zirela indarrean erabaki zuen Espainiako Gobernuak, baina akordio hori baliorik gabe utzi du Konstituzionalak.
Kataluniako Parlamentuak aurkeztutako helegitearen harira, Konstituzionalak babestu egin du Senatuak onartutako neurriak ezarri ahal izateko hartu ziren erabaki guztiak.
155. artikuluaren bidez, Carles Puigdemont Generalitateko presidentea eta bere gobernuko kide guztiak kargugabetu zituzten eta Espainiako Gobernuak hartu zuen Kataluniari dagozkion eskumen guztien gaineko kontrola. Abenduaren 21ean hauteskundeak egin ostean indargabetu zuten salbuespen egoera Katalunian.
Auzitegi Konstituzionalak Mariano Rajoyren Gobernuak egindakoa babestu du, baina argi utzi du 155. artikulua salbuespen kasuetarako mekanismoa dela eta ezin daitekeela nahieran erabili.
Zehaztapen garrantzitsua da, PPk eta Ciudadanosek sarritan eskatu baitute 155a berriro aplikatzea Katalunian.