Politika -

Presoak

Auzitegi Korrekzionalak atzeratu egin ditu Urrutikoetxeak Frantzian dituen bi auziak

Lehendabiziko auziaren epaia 2020 urtarrilaren 20an berrikusiko dute; eta bigarren auzia, datorren irailaren 12an.

Josu Urrutikoetxearen artxiboko argazkia. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Josu Urrutikoetxearen artxiboko argazkia.
Josu Urrutikoetxearen artxiboko argazkia. ETBko bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi historikoa Parisko Auzitegi Korrekzionalera eraman dute gaur, Frantzian bere kontra ireki zituzten 2010eko eta 2017ko auziak direla eta. Ihesean zegoela epaitu eta zigortu zuten: zazpi eta zortzi urteko espetxealdiak ezarri zizkioten, hurrenez hurren.

Urrutikoetxeak eskubidea dauka bi prozesu judizialak errepikatzeko eta hala eskatu du gaurko saioan.

Lehendabiziko auziari dagokionez, Fiskaltzak helegitea jarri du kasua Apelazio Auzitegian aztertzea nahi duelako, eta Auzitegi Korrekzionalean, Urrutikoetxearen abokatuek eskatu bezala.

Helegitea argitu bitartean hilabeteak igaroko dela aurreikusten denez, Auzitegi Korrekzionalak 2020ko urtarrilaren 12an ezarri du 2010ean ezarri zioten zigorra aztertzeko saioa.

Bigarren kasuari dagokionez, defentsak prozeduran akatsak izan zirela antzeman du: Urrutikoetxea atxilotzeko eman zuten aginduan eta sumarioko akusazio aktan agertzen diren arrazoiak bat ez datozela ikusi dute.

Auzitegi Korrekzionalak irailaren 12an erabakiko du instrukzio fasea errepikatzea edo epaiketarako data ezarri.   

Bestalde, Urrutikoetxearen abokatuek oraingoz ez dute haren behin-behineko askatasuna eskatu, datozen egunetan Espainiako Auzitegi Nazionalak bidalitako beste euro-agindu baten jakinarazpena jasoko dutela badakitelako.

Eskaera egiten dutenean, epaileak hamabost eguneko epean erabaki beharko du Urrutikoetxea behin-behinean aske utzi ala ez.

Horrez gain, Espainiako Gobernuak ostiral honetan baieztatu du Urrutikoetxearen estradizioa eskatu duela, 1987an ETAk Zaragozan egindako atentatuagatik. Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan bonba-auto bat zartarazi zuten eta 11 pertsona hil ziren.  

Luis Maria Hergueta Michelingo zuzendariaren hilketagatik eta herriko tabernen auziagatik ere galdegingo dute haren estradizioa.

Oraingoz, Urrutikoetxeak euro-agindu bakarraren jakinarazpena jaso du, eta urriaren 16an aztertuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Paris Presoak Frantzia ETA Eguneko albisteak Albisteak