Politika -
EAJ-PSE ituna
EAJk eta PSEk koalizioan gobernatuko dute Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan
Markel Olano eta Unai Rementeria izango dira berriro Gipuzkoako eta Bizkaiko ahaldun nagusiak, hurrenez hurren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk eta PSE-EEk asteazken honetan itxi dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan koalizio gobernuak osatzeko akordioak.
Gipuzkoako Aldundian, jeltzaleek botere gehiago izango dute legealdi berrian; izan ere, ahaldun nagusiordea, Turismoko zuzendaritza eta departamentu berri bat ere EAJren esku egongo dira.
Akordioa sinatzeko ekitaldia gaur egin dute. EAJren izenean Joseba Egibar eta Maria Eugenia Arrizabalaga izan dira; Eneko Andueza eta Susana Garcia izan dira Euskadiko Alderdi Sozialistaren ordezkariak.
Itunak, "Gipuzkoa indartzeko" helburuak biltzen ditu eta Foru Gobernuaren egitura zein izango den zehazten du. Bederatzi departamentu izango ditu, aurreko legealdian baino bat gehiago, Proiektu Estrategikoak izeneko departamentua sortzea erabaki baitute. EAJk zuzenduko du.
Karguak hauteskundeetako emaitzen arabera banatu dituzte. Horrela, bada, Markel Olano izango da ahaldun nagusia eta EAJk ondoko departamentuak zuzenduko ditu: Sustapen Ekonomikoa, Turismoa eta Nekazaritza; Gobernantza; Proiektu Estrategikoak; Ogasuna eta Finantzak; Azpiegiturak; eta Gizarte Politikak.
PSE-EEk, berriz, hiru diputatu izango ditu; Kultura, Kooperazioa, Gazteria eta Kirola; Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa; eta Ingurumena eta Obra Hidraulikoak departamentuak zuzenduko dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundiari dagokionez, akordioa inbestidura saioaren bezperan iritsi da, ostegun honetan aukeratuko baitute Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi.
Programa adostu dute, baina oraingoz ez dute jakinarazi departamentuen banaketa nola egingo duten.
EAJk 25 ahaldun lortu zituen hauteskundeetan, eta PSE-EEk, 8. Beraz, bi alderdien artean gehiengo zabala (33) izango dute legealdi berrian. EH Bilduk, berriz, 10 ordezkari izango ditu; Elkarrekin Podemosek, 6; eta PPk, 2.