Politika -

Espainiako Gobernua

Uztailaren 2an bilduko dira Sanchez eta Batet inbestiduraren data zehazteko

Oraingoz, Sanchezek ez du presidente izateko babes nahikorik lortu. Horrek esan nahi du inbestidurak huts egingo balu, hauteskunde deialdirako epeak zehaztu beharko lituzketela berriro.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea
Inbestidurarako data jartzeko bilduko dira Sanchez eta Batet uztailaren 2an

0:41

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea uztailaren 2an bilduko da Meritxell Batet Kongresuko presidentearekin, inbestidura saioaren data zehazteko, iturri sozialistek jakitera eman dutenez.

Oraingoz, Sanchezek ez du presidente izateko babes nahikorik lortu. Halere, uztaileko saiora aurkezteko asmoa dauka.

Inbestidurak huts egingo balu, hauteskunde deialdirako epeak zehaztu beharko lituzkete berriro.

Pedro Sanchezen eta Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruaren arteko negoziazioak¿ blokeatuta daude, alderdi moreak Ministroen Kongresuan ordezkaritza izateko egindako eskaria dela eta. Hori horrela, adostasunik ezean, Sanchezek PSOEko 123 diputatuen babesa eta PRC eta Compromis alderdien botoa soilik lortuko luke inbestiduran.

Nolanahi dela, Gobernu "aurrerakoi, europeista eta moderatu" baten defentsan, uztailaren 2ko saiora aurkeztuko dela esan du Sanchezek, sozialistek zuzendutako proiektu batean oinarrituta, "Espainiak aurrera egin dezan".

PSOEren ustez, Espainiak ezin du denbora gehiago galdu, eta berehala Gobernua osatzeko premia dauka.

Horregatik, Sanchezek Japonian duen G-20aren goi-bilera eta Bruselan duen Ezohiko Kontseilua bukatu bezain pronto egingo dute inbestidura saioa.

Iglesiasek ziurtatu du koalizio Gobernua uste baino gertuago dagoela

Pedro Sanchezekin asteartean izandako bileraren ondotik, Pablo Iglesias Unidas Podemoseko idazkari nagusiak ziurtatu du koalizio Gobernua "pentsa baino gertuago" dagoela.

Zerbitzu publikoekin lotuta Kongresuan egingo dituzten jardunaldien irekieran, Iglesiasek adierazi du baten batzuk kezkatuta daudela akordioa "hurbil" dagoelako, oraindik bi hilabete eta erdi itxaron behar badute ere.

Estebanek Sanchezi ohartarazi dio EAJren botoak ez dituztela ziurtatuta

Aitor Estebanek, EAJk Kongresuan duen bozeramaileak, esan du PSOEk ez dituela jeltzaleen botoak ziurtatuta, Sanchez presidente hautatzeko orduan.

Inbestiduraren harira Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntzako idazkariarekin izandako lehen bileraren ondoren, "ez dut beste hitzordu edota elkarrizketarik izan", azaldu du.

Nafarroan lortutako itunak EAJri "oztopo bat kendu" diola onartu badu ere, horrek ez omen du inbestiduran gertatuko dena baldintzatzen.

Hala eta guztiz ere, Estebanen iritzian, PSOEk Navarra Sumaren alde egin izan balu, ezinezkoa izango litzateke EAJren babesa edo abstentzioa lortzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak