Politika -
Ikerketa batzordea
EH Bilduk, Podemosek eta PPk eskola-jantokien inguruko txostena onartuko dute
EAJk eta PSE-EE, ostera, txostenaren aurkako botoa emango dute. Larraitz Ugarte (EH Bildu) batzordeko presidenteak egin du dokumentua.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadin eskola-jantoki publikoak kudeatzeko enpresen kontratazioan erantzukizun politikorik izan ote zen aztertzeko ikerketa batzordeak txostena onartuko du astearte honetan, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PPren botoei esker.
EAJk eta PSE-EE, aldiz, txostenaren aurkako botoa emango dute. Larraitz Ugarte (EH Bildu) batzordeko presidenteak egin du dokumentua. Zerbitzua eman zuten enpresen artean salneurriak adostu zituztela frogatutzat emango du txostenak; horrek 70 milioi euroko gain-kostua eragin zuen, baina enpresen eta Eusko Jaurlaritzako arduradunen artean "ados jarri" ez zirela zehaztuko du.
Batzordea sortzea 2018ko otsailean adostu zuten, eskola-jantokiak kudeatzeko enpresen kontratazioan erantzukizun politikorik izan ote zen aztertzeko helburuarekin. Aldez aurretik, 18 milioi euroko zigorra ezarri zien Lehiaren Euskal Agintaritzak 7 enpresari, 2003tik 2015era merkatua banatzeagatik eta salneurriak adosteagatik.
Ondoren EAEko Auzitegi Nagusiak zigorra % 60 murriztu zuen, baina enpresen arteko adostasuna izan zela ebatzi zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren "erantzun, ikerketa, kontsulta edo prebentzio" faltagatik posible izan zela erantsi zuen.
Hauteskundeak pasa bitartean lana gelditzea erabaki zuen batzordeak iragan maiatzean, ondorioen dokumentua adosteko saiakeran.
Ugartek egindako behin-behineko txostena, EAJ, PSE-EE eta PPren osoko zuzenketa eta Elkarrekin Podemosen zuzenketak bozkatzeko asmoa zuen batzordeak.
Hala ere, osoko zuzenketa ez sinatzea erabaki zuen Alderdi Popularrak, "diru-kutxa publikoei eta familia askori kalte ekonomiko handia egin dien auzian, Eusko Jaurlaritzaren edozein erantzukizun politiko saihesten zuelako".
Azken orduko maniobra horrekin ez zen dokumenturik onartuko, eta batzordea atzeratzea erabaki zuten.
Ugarteren txostena bozkatzeko bilera berri bat deitu dute astearte honetarako. Dokumentuak Elkarrekin Podemosen zuzenketak barneratuko ditu, eta EH Bilduk, koalizio moreak eta PPk aldeko botoa emango diote, talde politikoko iturriek baieztatu dutenez.
EAJk eta PSE-EEk oposizioko talde politikoen batasuna kritikatu du astelehen honetan, batez ere kritikak PPri zuzenduz.