Politika -

EA

Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak dimisioa eman du

Urizarrek EAko Kontseilu Nazionalean aurkeztu du dimisioa. 11:30 aldera prentsaurrekoa emango du Donostian, dimisioaren arrazoiak azaltzeko.

Pello Urizar Eusko Alkartasuneko buruzagi ohia. Argazkia: EFE
Pello Urizar Eusko Alkartasuneko buruzagi ohia
Pello Urizar Eusko Alkartasuneko buruzagi ohia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Urizar Eusko Alkartasunako buruzagiak alderdiko idazkari nagusi gisa dimisioa eman du astelehen honetan, alderdiak agiri batean jakinarazi duenez.

Urizarrek EAko Kontseilu Nazionalean aurkeztu du dimisioa astelehen honetan. Astearte honetan 11:30 aldera prentsaurrekoa emango du Donostian, dimisioaren arrazoiak azaltzeko.

Kontseilu Nazionalak, alderdiko estatutuak jarraituz, ezohiko batzarra deitu du, jarduneko idazkari nagusi bat izendatzeko eta barne-hauteskundeak martxan jartzeko.

Politikari gipuzkoarrak 2009ko ekainean hartu zuen Eusko Alkartasunako Idazkaritza Nagusia, ezohiko biltzarrean. Unai Ziarreta aurreko kargudunak dimisioa eman ondoren deitu zuten batzarra, EAk martxoko hauteskundeetan emaitza txarrak lortu zituelako.

Ezker abertzalearekin elkarlana gidatu duen EAko buruzagia izan da Urizar, EH Bildu koalizioa osatu arte. Eusko Alkartasuna EAJren zatiketatik sortu zen.

Sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean, Pello Urizarrek alderdia zuzendu duen hamarkadan "bakegintza eta justizia sozialaren alde egindako lanak emaitzak" eman dituela goraipatu du EAk. "Aro politiko berri honetan, lehen lerrotik urrundu egingo da ziklo berri bati bide emateko", ziurtatu du alderdi abertzaleak.

Europa Press albiste-agentziak jakitera eman duenez, oraingoz Iker Ruiz de Egino alderdiko bozeramaileak Idazkaritza Nagusia har dezake. Loiun jaio zen, 1976an, eta Ekonomia Zientziatan lizentziatua da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo eta Atzerri Harremanetarako zuzendaria izan zen.

Koalizio abertzalea sortzeko orduan egindako lana eskertu dio Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Urizarri. "Herri honen askatasunaren" alde egindako lana eskertu dio Iriarte Urizarri sare sozialetan, "guztiok bizitza duina eta askea izan dezagun". Gainera, besarkada eman dio eskainitako laguntzagatik. Azkenik, "ez urrutira joan", esan dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi politikoak EH Bildu EA Eguneko albisteak Albisteak