Politika -

Ciudadanos

Dimisioak Ciudadanosen, alderdia eskuinera egiten ari delako

Toni Roldanek eta Javier Nartek Ciudadanosen zuzendaritza utzi dute, alderdia eskuinarekin akordioak egiten ari delako eta PSOEri betoa ezarri diolako.

Toni Roldan Ciudadanosek Kongresuan zuen ekonomia bozeramailea. Argazkia: EFE
Toni Roldan Ciudadanosek Kongresuan zuen ekonomia bozeramailea
Toni Roldanek Ciudadanos utziko du, alderdia Voxengana hurbildu delako

1:30

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ciudadanosen baitan lehen krisia piztu da. Toni Roldan Kongresuko Ekonomia bozeramaileak, Javier Nart eurodiputatuak eta Juan Vazquez Asturiasko zerrendaburuak dimisioa eman dute, alderdia eskuinera egiten ari dela iritzita.

Ez dute hitzez hitz horrela adierazi, baina Ciudadanosek PSOEri betoa jarri diolako eta Alderdi Popularrarekin nahiz Voxekin itunak egiten ari delako erabaki dute kargua uztea.

Lehendabiziko dimisioa Toni Roldanek eman du, Albert Riveraren konfiantzazko pertsona orain arte. Ordu batzuk geroago, Javier Nartek jakinarazi du zuzendaritzan duen ardurari uko egiten diola. Alabaina, Ciudadanoseko eurodiputatu izaten jarraituko duela zehaztu du.

Kritikoek bultzatuta, gaur ezusteko bozketa bat egin dute zuzendaritzaren baitan, eta Pedro Sanchezi betoa mantentzea eta PSOErekin negoziaziorekin ez izatea berretsi dute.  Hori bai, otsaileko bozketan ez bezala, oraingoan ez da guztien adostasunik izan: 24k betoaren alde bozkatu dute; lau kontra azaldu dira; eta hiru abstentzio egon dira.

Ciudadanosek izandako aldaketa da alderdia uzteko arrazoi nagusia

Roldan 2015ean batu zen Ciudadanos alderdira, Luis Garicano ekonomia koordinatzailearen eskutik. Hain zuzen ere, Garicano izan da ahotsik kritikoenetakoa PPrekin eta Voxekin itunak adosteko orduan.

2017an programa eta sektore arloetako idazkari izendatu zuten Roldan. Harrezkero alderdi laranjaren ekonomia eta enplegu programaren sustatzaileetako bat izan da, eta besteak beste, hitzarmen bakarraren aldeko apustua egin du, kontratu finkoen eta behin-behinekoen arteko dualtasuna saihesteko.

Halaber, paper garrantzitsua bete zuen krisiaren ikerketa batzordean. Roldanek gogor kritikatu zuen banketxeak zuzentzeaz arduratzen ziren politikarien kudeaketa.

Maiatzaren 26ko hauteskunde orokorretan, Bartzelonak Kongresurako aurkeztutako zerrendan bigarrena izan zen Roldan, Arrimadasen atzetik.

Roldanen ikuspuntutik, Ciudadanosen ildo nagusiak, alegia, "erreformismoa, birsorkuntza eta eta nazionalismoaren aurkako borroka" hutsaldu egin dira. "Ez noa ni aldatu naizelako, Ciudadanos aldatu delako baizik", esan du.

Roldanek onartu du "zilegia" dela alderdi laranjak hartu duen norabidea, baina ez datorrela horrekin bat. "Ez dut arrakastarik izan, eta ezin dut luzaroan nire printzipioen aurka joan", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak