Politika -

POLEMIKA

Voxeko eledun batek 'puta' eta 'purtzila' deitu dio jarduneko Justizia ministroari

Sare sozial batean idatzi zituen Delgadoren kontrako irainak Voxeko kideak. Fiskaltzak ikerketa zabaldu du, deliturik dagoen argitzeko.

Juan Jose Liarte eta Dolores Delgado. Argazkia: EFE/EiTB.
Juan Jose Liarte eta Dolores Delgado.
Juan Jose Liarte eta Dolores Delgado. Argazkia: EFE/EiTB.

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Jose Liarte Murtziako Lurralde Asanbleako bozeramaileak "puta" eta "purtzila" deitu zion Dolores Delgado jardunean dagoen Justizia ministroari, Facebooken idatzitako iruzkin batean. Ultraeskuineko alderdiak ez zuela Espainiako Konstituzioa defendatzen esan zuen buruzagi sozialistak, eta horren ondoren etorri zen Liarteren mezu iraingarria. Handik ordu gutxira ezabatu zituen hitzok sare sozialetik.

Hain zuzen, joan den astean egindako agerraldi batean, jarduneko ministroak esan zuen PDeCAT, EH Bildu eta ERCk bezalako alderdiek "Konstituzioa onartu" egiten dutela, eta, aldiz, Voxek "Konstituzioaren zati bat" ez duela ontzat ematen.

Adierazpenoi erantzunez, Liartek, besteak beste, idatzi zuen Delgado emakume "purtzil gezurti" bat dela, eta "bazkide dituen ETAren lagunek" haren hitzak aldarrikatzen dituztela. Oscar Matute EH Bilduko kidearen txio bat ekarri zuen gogora Voxeko kideak, ezker abertzaleko koalizioak ez duela Konstituzioa babesten zioena.

"Behin ezagutu nuen polizia-inspektore batek aspaldi ohartarazi zidan: p*** batengandik, putakeriak bakarrik espero daitezke", gehitu zuen Facebookeko mezuan.

Hitzok hautsak harrotu zituzten sarean, eta erantzun uholdea jaso zuen Liartek. Hasierako mezua ezabatu zuen arren, bigarren bat bota zuen, aurrekoa hauspotuz: "Jende askok deitu dit, ministra bati prostituta deitu diodalako: bistakoa da irakurmen gaitasuna egungo hezkuntza sisteman behar bezala baloratzen ez den gaitasuna dela", zioen bigarren iruzkinean.

Publikazioen ondoren, Fiskaltzak ikerketa zabaldu du, deliturik dagoen argitzeko. Murtziako Fiskaltzaren esku legoke izapideak abiatzea, kereila bat aurkeztea erabakiko balitz.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak, bere aldetik, gogor kritikatu zituen Delgadoren kontrako irainak, txio baten bidez. "Errespetua eta eredugarritasuna" eskatu zizkion Liarteri. "Matxismoak eta irainek ez dute lekurik politikan. Horretan ari garenok eredugarriak izateko betebeharra dugu. Errespetua eta eredugarritasuna zor dizkiegu herritarrei", idatzi zuen Sanchezek.

Delgadok ere gaitzetsi egin zituen Voxeko ordezkariaren mezuak, eta alderdi ultraeskuindarraren politika egiteko modua salatu zuen. Liarteren kontrako salaketarik maila pertsonalean ez duela jarriko aurreratu zuen, ordezkari publiko moduan jaso dituelako irainak. Horregatik, neurriak hartzea fiskalari dagokiola gaineratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Vox Eskuin muturreko mugimenduak