Politika -
ASTE ERABAKIGARRIA
Hualdek erronda egingo du Nafarroako presidentegairik ba ote dagoen jakiteko
Asteartean bilduko da Parlamentuko mahaia, eta erronda hori asteazken eta ostiral artean egin beharko du, araudiaren arabera uztailaren 1erako jakin beharra baitago hautagairik ba ote den edo ez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuk presidenteak bilera erronda egingo du alderdiekin datorren astean, Gobernuko presidente izateko hautagairik ba ote dagoen jakiteko.
Asteartean bilduko da Parlamentuko mahaia eta taldeak osatuko dituzte. Beraz, bozeramaileak ofizialki izendatuta daudenean hasiko du Hualdek erronda, asteazkenaren eta ostiralaren artean, araudiaren arabera uztailaren 1erako jakin beharra baitago hautagairik ba ote den edo ez.
Orain arte bi pertsonak agertu dute inbestidurara aurkezteko asmoa: Navarra Sumako Javier Esparzak eta PSNko Maria Chivitek.
Oraingoz, ez du ematen Esparzak bere burua aurkeztuko duenik, Parlamentuko 50 eserlekuetatik 20 bakarrik baitauzka, eta ez dirudi Chivite ere aurkeztuko denik, ez baitu akordiorik lortu osatu nahi duen Gobernua sustengatzeko. Hain zuzen ere, aste honetan bertan bilduko da PSN Geroa Bai, Podemos eta I-Erekin programa zirriborro bat aurkezteko.
Dena dela, akordio hori lortuta ere, 23 boto izango lituzke, eta beraz, Navarra Suma edo EH Bildu abstenitzea beharko luke Chivitek presidente izateko.
Esparzak esana du jada ez dela abstenituko. Aitzitik, PSNri bere alde abstenitzeko eskatu dio, eta trukean, UPNk gauza bera egingo duela Pedro Sanchezen inbestiduran. EH Bilduk, bere aldetik, argi esan du "EH Bildurekin hitz egitera ere eseri nahi ez dutenek ez dutela gehiengo alternatiborik osatuko".
Abuztuaren 26ra arteko epea dago inbestidura bat aurrera ateratzeko. Hala ez balitz, hauteskunde berriak deituko lirateke.