Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
Jaiki Hadi: 'Presoek osasun arreta jasotzeko duten eskubidea kriminalizatu nahi dute'
Irailaren 16an hasiko da Auzitegi Nazionalean fiskaltzak 'ETAren kartzeletako frontea' osatzea leporatzen dieten 47 pertsonen kontrako epaiketa. Tartean, bi psikologo dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Medikuek, erizainek, psikologoek, odontologoek eta osasun arloko 200 pertsonak osatzen duten Jaiki Hadi elkarteak prentsaurrekoa eman du larunbat honetan Hernanin, irailean 47 pertsonaren kontra hastekoa den epaiketa salatzeko eta "presoek osasun arreta integrala jasotzeko duten eskubidea kriminalizatu" nahi dutela ohartarazteko. Tartean, bi psikologo epaituko dituzte.
"Erabat zilegi den aktibitate bat kriminalizatu nahi dute" esan dute bertaratuek eta "pertsona orok duen oinarrizko eskubide bat, osasun arreta integrala jasotzea, urratzen" ari direla.
Jaiki Hadiko kideek esan dutenez, "segurtasun printzipioaren izenean, presoei nola urratu zaien osasun eskubidea ikusi dute pertsona horiek askotan", "lekuko" izan dira, eta horregatik, "neutralizatu" egin nahi dituzte, "euren lanaren zilegitasuna" zalantzan jarriz.
21 preso larri gaixo daudela gogorarazi du kolektiboak eta hiru kasu aipatu dituzte bereziki: Txus Martinena, gaixotasun psikikoaz gain, bihotz ebakuntza arriskutsu bat egin berri diotena eta espetxean jarraitzen duena; "gaixotasun psikiko larri eta arriskutsua duen Kepa Arronategirena, eta Jose Angel Otxoa de Eriberen kasua, prostatako minbizia eta hezurretako metastasia izan arren, espetxean jarraitzen duelako.