Politika -
Eusko Legebiltzarra
Adituek Estatutu berria aurkezteko epea bost hilabete atzeratu dute
Alderdi politikoek aukeratutako adituek hilabete honetan bertan aurkeztu behar zuten estatus politiko berriaren testu artikulatua.
agentziak | erredakzioa
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak azaroaren 30era arte atzeratu du Estatutu berriaren testu artikulatua aurkezteko adituek duten epea. Alderdi politikoek aukeratutako adituek hilabete honetarako prest izan behar zuten estatus politiko berriaren inguruko testua.
PP izan ezik (abstenitu da), gainerako talde parlamentarioek luzapena onartu dute, ostegun honetan hamabost minutuko bilera egin ostean, lantaldeko zenbait kidek hedabideei jakinarazi dietenez.
Talde parlamentario bakoitzak aditu bat aukeratu zuen Estatutuaren erreforma artikulatuaren testua idazteko. Testua bukatzean, talde batek edo batzuek Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dute lege proposamen gisa onartzeko.
Mikel Legarda (EAJ), Iñigo Urrutia (EH Bildu), Arantxa Elizondo (Elkarrekin Podemos), Alberto Lopez Basaguren (PSE-EE) eta Jaime Ignacio del Burgo (PP) dira alderdiek aukeratutako adituak.
Estatutu berriaren zirriborroa EAJk eta EH Bilduk adostutako printzipioetan oinarrituta idatzi beharko dute. PSEk eta PPk, ordea, oinarri horiek ukatu zituzten. Elkarrekin Podemosek, berriz, herritarren eta emakumeen eskubideen inguruko atala baino ez zuen babestu.
Lantaldearen lanetan izandako desadostasunak ikusita, Estatus politiko berriaren inguruan akordioa lortzea zaila izango dela onartu dute alderdi guztiek.
EH Bilduk, esaterako, testuaren idazkeran ematen ari diren atzerapenak ikusita, testu artikulatu propioa aurkeztuko die gainerako adituei, Iñigo Urrutiaren bitartez.
Testu hori "konfidentziala" izango da, EH Bilduko iturriek jakinarazi dutenez.
Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzerreko koalizioko bozeramaileak azaldu duenez, EH Bilduk dokumentuaren aurkezpenaren epeak "arintzeko" asmoa du.
Hala ere, data berri bat ezarri izanarekin txostenri "bultzada berri bat" eman zaiola esan du Iriartek, adituen lana "erabat gelditu" baitzegoen.
Iriarteren esanetan, adituek ez dute testua artikulatzeko ezarritako bederatzi ataletatik bat ere amaitu. Izan ere, adituak "hiru edo lau punturen inguruan baino ez dira eztabaidan hasi".
Lantaldean eztabaida handia sortu dute, esaterako, nazioatasun eta herritartasun arteko bereizketak eta Eusko Legebiltzarrak onartuko lukeen testuaren inguruko herri galdeketak. Juridikoki herri kontsulta hori ez litzateke loteslea izango, baina "balio adierazgarria"izango luke.
Andoni Ortuzar EBBko presidenteak EH Bilduri ohartarazi dionez, ez du lantaldearen "lanen erritmoa aldatuko"; ildo horretan, EH Bilduren testua irakurri ere ez duela egingo esan die.
Bestalde, Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak atzo azaldu zuenez, EAJk EH Bildurekin adostutako oinarriak bertan behera utzi ditzala espero dute, "testu hauskorra baita".
Izapide guzti horiek amaituta, Estatuarekin negoziazioak hasiko lirateke eta Gorte Orokorretan onartzen badute, erreferendum bidez berretsi beharko lukete.