Politika -
Frantzia
Josu Urrutikoetxea atxiki dute, Frantzian aske geratu eta ordu gutxira
Auzitegi Nazionalak aginduta atzeman dute. Atxikita dago, eta gehienez 48 orduren buruan epailearen aurrera eraman beharko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Parisko Apelazio Auzitegiak kontrol judizialpean aske utzi eta ordu gutxira, Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi historikoa atxiki dute.
Antza, La Sante espetxetik atera ondoren atzeman dute, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta. Hiru kasurekin lotzen dute: 1987an Zaragozako kuartel-etxearen aurka ETAk egindako atentatuarekin, Luis Maria Hergueta Michelin enpresako zuzendariaren hilketarekin eta herriko tabernen auziarekin.
EFE agentziak zabaldu duenez, euroaginduaren jakinarazpena gauzatzeko 48 orduko epea dute gehienez, eta tarte horretan "atxikita" egongo da. Ondoren epailearen aurrera eramango dute, hilabetez luzatu daitekeen prozedura judiziala abiarazita.
Urrutikoetxea maiatzaren 16an atxilotu zuten Alpeetako herri batean, 17 urtez ihesean egon eta gero.