Politika -
Gipuzkoako Batzar Nagusiak
'Herriak esaten duena' kontuan hartuta, demokrazia indartu nahi du Ezeizabarrenak
Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente berriaren iritzian, euskal herritarrei dagokie nahi duten etorkizuna aukeratzea, eta gipuzkoarrek, bederen, bide horri eutsiko diote.
EITB.EUS
Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente berriak esan du demokrazia indartu behar dela "zaurituta" dagoelako. "Euskadin zein Katalunian bakean bizitzeko, herriak esaten duena kontuan hartu behar da", adierazi du. Halaber, nabarmendu du Estatuarenganako harremanetan, garrantzitsua dela herrien artean berdintasuna eta errespetua egotea. Haren iritzian, euskal herritarrei dagokie nahi duten etorkizuna aukeratzea, eta gipuzkoarrek, bederen, bide horri eutsiko diote.
Hitz horiekin hasi du Batzar Nagusiak eratzeko egin duten Osoko Bilkura. Han, Presidentetza, Presidenteordetza eta Ganberako Idazkaritzak osatuko dituztenen izenak hautatu dituzte, kargua banatzeko batzarkide guztiek itundutako akordioaren ondotik.
Modu horretan, 51 batzarkide izango dituen Mahaian, EH Bilduko Ernesto Merinorentzat izango da lehen Presidentetza eta Julio Astudillo sozialistarentzat, bigarrena. Idazkaritzak, berriz, Marivi Eizagirreren (Elkarrekin Podemos) eta Saioa Bandresen (EAJ) esku geratu dira.
Ezeizabarrenak emandako "aukera eta babesa" eskertu die EAJri eta gainerako alderdiei, baita senitartekoei eta hurbileko guztiei ere.
Esan bezala, hasiera hitzaldian Gipuzkoaren eta Euskadiren errealitatea islatzen eta herritarren ahotsa "entzuten" duen "politika ireki baten alde" egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak. Bestalde, atsekabetuta adierazi du "Madrildik eta Paristik nazio nortasuna ukatzen digutela".
"Estatuak eratzeko gai izan diren herriak baino gutxiago garela uste dute", baieztatu du.
Ezeizabarrenaren esanetan, demokrazia "zaurituta" dago eta horren adibide da Katalunia". Halere, nabarmendu du, "ez da euskaldunei eragiten ez digun arazo bat".
Aukera berdinak
Horregatik, guztien onerako izango den politika defendatu du, "duintasunez bizitzeko aukera emango digun ekonomia sustatzeko, enplegua sortzeko eta babes zibila eta aukeren berdintasuna bermatzeko".