Politika -

M26ko hauteskundeen ondotik

Nafarroako Parlamentuak gaur abiatuko du X. legegintzaldia

Ganberako Presidentetza eta Mahaia aukeratuko dituzte. Mahaiaren osaketak arrastoak eman ditzake foru gobernu berria eratzeko beharrezkoak diren itunez.

Foru ganbera, hutsik, Nafarroako Parlamentuaren beraren argazki batean.
Nafarroako Parlamentua, hutsik.
Foru ganbera, hutsik, Nafarroako Parlamentuaren beraren argazki batean.

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, asteazkenarekin, 11:00etan, abiatuko da Nafarroako Parlamentuko X. legegintzaldia, ganbera osatzeko saioarekin. Gaurkoak aparteko garrantzia du, datozen lau urteetan ganbera zuzenduko duten presidentea eta Mahaia aukeratuko baitituzte parlamentariek. Horrez gain, osaketak Nafarroako Gobernua eratzeko behar diren itunen norabidea erakutsiko du.

Ganbera eratzeko saioa Koldo Martinezek (Geroa Bai) gidatuko du, parlamentari hautetsietan helduena baita, eta Alberto Bonilla (Navarra Suma) eta Carlos Mena (PSN) izango dira idazkariak, bi gazteenak. Hirurek Adineko Mahaia osatuko dute, Parlamentuko Mahaia eratu arte saioa zuzenduko duena.

Saioa abiatu ostean, karguaren zina edo promesa egin beharko dute 50 forudunek (Navarra Sumako 20, PSNko 11, Geroa Baiko 9, EH Bilduko 7, Podemos-Ahal Duguko 2 eta Izquierda-Ezkerrako 1). Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men egingo dietela eta karguak berarekin dituen betebeharrak zorrotz beteko dituztela zin egin edo hitza emango beharko dute parlamentari hautetsiek, "Bai, hitzematen dut" edo "Bai, zin dagit" formulak erabilita.

Mahaiko bost kideak hautatuko dituzte

Jarraian, Parlamentuko Mahaia osatuko duten kideak hautatuko dituzte. Mahaia presidenteak, bi presidenteordek eta bi idazkarik osatuko dute. Ganberako presidentea aukeratuko dute lehenengo, Adineko Mahaiari idatziz igorritako hautagaien artean.

Presidentea txartel bidez egingo den isilpeko bozketaren bidez hautatuko dute. Foru parlamentarien gehiengo osoaren aldeko botoa jasotzen duen hautagaia izango da presidente. Gehiengoa lortuko ez balitz, bigarren bozketa bat egingo litzateke, eta kasu horretan boto gehien jaso dituzten bi pertsonak izango dira hautagaiak. Bigarren bozketa horretan, boto gehien jasotzen dituen hautagaia izendatuko dute presidente.

Bigarren bozketan berdinketa izango balitz, hirugarren bozketa bat egingo da berdindutako hautagaien artean, eta boto gehien jasotzen dituena hautatuko dute. Hirugarren bozketan berriro berdinketa izango balitz, helduena aukeratuko lukete presidente.

Segidan, bi presidenteordeak eta bi idazkariak aukeratuko dituzte.

Parlamentua osatzen denetik 10 eguneko epean, Parlamentuko presidenteak ordezkariak talde parlamentarioen bozeramaileekin bilera sorta egin eta presidentegaia izendatuko du. Hauteskundeak izan zirenetik, maiatzaren 26tik, hiru hilabete ditu Parlamentuak presidentea aukeratzeko.

El Parlamento de Navarra

Mahaikideak hautatuko dituzte lehenengo. Argazkia: Nafarroako Parlamentua

Balizko itunen arrastoak

Gaurko saioak "garrantzi politiko handia" izango duela nabarmendu dute askok, izan ere, Gobernua osatzeko beharrezkoak diren itunen nondik norakoak argi ditzake.

Jakina denez, PSNk eta Geroa Baik nahi dute Parlamentuko Presidentetza. Sozialistek, baina, ez dute EH Bildu Mahaian nahi, eta, hain zuzen ere, hori da akordioa lortzeko oztopo nagusia. Dena dela, PSN prest omen dago Mahaiko Presidentetza Geroa Bairi uzteko.

Kontuak kontu, PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak azken unera arte negoziatzen jarraituko dute, eta 11:00etan Nafarroako Parlamentua osatzeko bilkura hasi aurretik berriro batzartuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Izquierda-Ezkerra Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Navarra Suma