Politika -

MEMORIA HISTORIKOA

Gerraosteko euskal erbestea oroituko du Gogora Institutuak erakusketa batean

Erakusketak erbesteratuen lekukotzak biltzen ditu ikus-entzunezko formatuan, gerra eta gerraosteko garaiak jasotzen dituen irudiekin batera. Erakusketa irailaren 23ra arte egongo da zabalik.

'Euskal erbestea Gerra Zibilaren ondoren' erakusketaren irekiera ekitaldia. Argazkia: Irekia
'Euskal erbestea Gerra Zibilaren ondoren' erakusketaren irekiera ekitaldia
'Euskal erbestea Gerra Zibilaren ondoren' erakusketaren irekiera ekitaldia. Argazkia: Irekia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jadanik zabalik da Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak antolatutako "Euskal erbestea Gerra Zibilaren ondoren" izeneko erakusketa. Gerra Zibilaren osteko behin betiko erbestealditik 80 urte betetzen dira aurten, eta hori ezagutzera emateko asmoz antolatu du erakusketa Gogorak.

Erakusketa irailaren 23a arte egongo da zabalik Gogoraren egoitzan (Maria Diaz de Haro 3, Bilbo).

Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak emandako datuen arabera, 100.000 pertsona inguru joan ziren erbestera 1936ko uztaila eta 1937 abuztua bitartean, horietatik 30.000 umeak. Geroago, 1939an, "Erretirada" bezala ezagutzen den horretan, Kataluniatik 500.000 pertsona joan ziren Frantziara, 10.000 euskal herritar tartean.

Irudi historikoez osatutako dokumental batek ematen dio hasiera erakusketari. 50 minutuko iraupena duen dokumental honetan, Gerra Zibilaren hasieran abiatu eta Jose Antonio Agirre lehendakaria hil arteko urteak jaso ditu Gogorak.

Bigarren ikus-entzunezko batean, gerrak eraginda Euskaditik erbestera ihes egin behar izan zuten pertsonen testigantzak biltzen dira, Gogorak 2018an eta 2019an jaso dituenak. Erbesteko memoriaren parte dira, Bilbo erori aurretik erbestera eraman zituzten umeen testigantzak eta Frantziara ihesean joan eta handik Venezuelara joan behar izan zutenena.

Bestalde, erakusketan 30 argazki historiko daude ikusgai, dokumentazio historikoaz lagunduta, 1936 eta 1939 bitartean izan ziren erbestealdi desberdinak azaltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Albisteak Gaur Albisteak Frankismoa albisteak Jose Antonio Agirre Gerra Zibileko biktimak Gogora Institutuaren proiektuak