Politika -

Europako Parlamentua

Eurodiputatu-aktak jaso gabe geratu dira Puigdemont, Junqueras eta Comin

Puigdemonten abokatua Diputatuen Kongresura joan da, haren akta jasotzeko dokumentazioa eramatera, baina galarazi egin diote.

Oriol Junqueras Diputatuen Kongresuan izan zenekoa. Argazkia: EFE
Oriol Junqueras Diputatuen Kongresuan izan zenekoa.
Eurodiputatu aktak ukatu egin dizkiete Puigdemonti, Junquerasi eta Comini

1:30

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eurodiputatu-aktak jasotzeko saioa egin dute gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan, baina Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidente kargugabetua eta Antoni Comin kontseilari ohia ez dira bertaratu, eta, ondorioz, ahalduntze agiririk gabe geratu dira.

Puigdemont eta Comin Belgikan daude erbesteratuta, eta Espainiako Justiziak biak atxilotzeko agindua eman du. Beraz, Madrilera joan izan balira, atxilotu egingo zituzketen.

Oriol Junquerasek ere ezin izan du eurodiputatu-akta hartu. Orain Errepublikak hautagaitzako zerrendaburua preso dago, eta Kongresuko saiora joateko baimena eskatu zuen, baina Auzitegi Gorenak ukatu egin zion.

Gonzalo Boye Puigdemonten eta Cominen abokatua Diputatuen Kongresura joan da, bi hautagaiek Konstituzioren zina egin dutela erakusten duen agiriak aurkezteko eta, beraz, eurodiputatu-akta jasotzeko baldintza betetzen dutela erakusteko.

Alabaina, Kongresuko zerbitzuek ez diote utzi dokumentuak entregatzen, agiri horiek Hauteskunde Batzordearen bulegoan erregistratu behar dituela argudiatuz.

Bestalde, Europako 76 diputatuk adierazpen bat sinatu dute gaur, Junquerasi, Puigdemonti eta Comini eurodiputatu izatea ahalbidetu dezatela eskatuz Espainiako agintariei.

Zehazki, hiru politikarien eskubideak babesteko, haien immunitate parlamentarioa onartzeko eta eurodiputatu izateko aktak jasotzen uzteko galdegin dute. Azkenean, baina, ez da horrelakorik gertatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europar Batasuna Europako hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont