Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Andoni Ortuzar: 'PSNk ez du errespetatu Nafarroan hitz egin genuena'
EAJren EBBko presidenteak uste du Nafarroako sozialisten eta Navarra Sumaren arteko ituna dagoela, eta ildo horretan Parlamentuko Mahaiaren osaketak 'garrantzi politikoa' izango duela nabarmendu du.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak aitortu duenez, "PSNk ez du errespetatu Nafarroan hitz egin genuena. Ez ditu Zizurreko eta Eguesibarreko gure alkatetzak errespetatu. Klima arraro bat sortu da".
Udal osaketen ostean, Nafarroako sozialistekin oso kritiko azaldu da Ortuzar Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan. "Akaso larunbatekoa udal logikoen baitan gertatu zen, baina asteazkenean ikusiko dugu zer egiten duen PSNk —Nafarroako Parlamentuko Mahaia osatuko da— orduan edukiko dugu etorkizunean gertatuko denaren seinale argi bat. Garrantzi politikoko ekitaldia izango da". Ortuzarren hitzetan, "aukera bat emango diogu PSNri. baina ez gara fio".
Izan ere, buruzagi jeltzaleak uste du Nafarroako sozialistek Navarra Sumarekin akordioa lortu dutela.
Nafarroan gertatzen denak Sanchezen inbestiduran eragingo ote duen galdetuta, Ortuzarrek esan du bi gaiak ez nahastearen aldekoak direla. Gogorarazi duenez, jeltzaleek historikoki abstentzioaren alde egin dute baina oraingo honetan sozialistek "abstentzioa barik, baiezkoa eskatzen" dietela. "Horretarako asko hitz egin behar da, asko adostu", azpimarratu du. Autogobernua zabaltzea, transferentzia gehiago egitea eta AHTren egitasmoa aipatu ditu adibidetzat. Ohartarazi duenez, ez dute "autogobernuaren kontra doan gobernurik" babestuko, izan sozialistena edota Unidas Podemosekin lortutako koalizio batena.
"Pedro Sanchezek aukerak egin behar ditu. Kartak mahai gainean daude. Orain erakutsi behar ditu", erantsi du.
Udalen osaketa EAEn
Durangon eta Galdakaon gertatutakoa hizpide, Ortuzarrek uste du EAJ alkatetzatik kentzeko ituna izan dela EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurrera eramandakoa: "Hauteskundeen aurretik, mokoka zeuden biak, baina hauteskundeen ostean bat egin dute EAJri boterea kentzeko. Ez du inongo koherentziarik, alternatiba progresista bat eratu nahi dutela dioten arren".
PSE-EErekin lortutako akordioari buruz, berriz, azpimarratu du udalen ardura banaketan "eskuzabalak" izan behar direla, ez baita "zerbait matematikoa". Samaniegon jeltzaleek "emandako hitza bete" dutela esan du, baina PSNko zinegotziaren botoari esker EH Bilduk alkatetza eraman izana deitoratu du. Ortuzarren esanetan, "erabateko bermea eman ziguten, baina gara espantuka hasiko Irungoak bezala —PSE-EE—".
Guardia eta Bastidako alkatetzak PPri kentzeko EH Bildurekin ituna lortzearen inguruan, popularrei "autokritika" egiteko eskatu die. Salatu duenez, "arazoa da inork ez duela PPrekin hitz egin nahi. Eurak baztertu dira. Ulertzen dut euren dolua, baina kontagailua zeroan jartzea eskatu behar diet".
Udalen osaketan gertatutakoak eta aurrekontuen negoziazioak harremanik ez dutela nabarmendu du Ortuzarrek. "Alderdi guztiekin hitz egingo dugu, eta proposatzen dituzten hobekuntzak aztertuko ditugu. Egin dezagun berba aurrekontuez, kanpoko faktoreak kontuan hartu gabe", adierazi du.
Hauteskundeak aurreratuko ote diren galdetu diote Ortuzarri, eta horrek ezezkoa bota du: "Ez dut lehendakaria amore emateko prest ikusten. Ikusi beharko da noiz arte heldu daitekeen duintasun politikoarekin".
Azkenik, eta EAEko estatus politiko berriari buruz, adituek lanean jarraitzen dutela gogorarazi du. EH Bilduk horren harira egindako iragarpena (bere testu juridikoa aurkeztuko duela esan du koalizio abertzaleak) mamituko ez delakoan dago Ortuzar. "Aditu taldearen lana apurtuko lukeen matxinada ekintza bat izango litzateke. Adituen lana ondo doa, espero genuena baino adostasun handiagoa dago", esan du.
_____________________________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.