Politika -
Madril
Almeidak Madrilgo Alkatetza eskuratu du, Ciudadanosen eta Voxen botoei esker
Guztira, Almeidaren hautagaitzak 30 boto jaso ditu. Hau da, PPko 15 zinegotziek ez ezik, Ciudadanoseko 11 ordezkariek eta Voxeko 4ek ere haren alde egin dute bozketan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Luis Martinez-Almeida izendatu dute larunbat honetan Madrilgo alkate PPren, Ciudadanosen eta Voxen botoei esker. Udala osatzeko egindako inbestidura saioan, Almeidaren hautagaitzak 30 boto jaso ditu. Hau da, PPko 15 zinegotziek ez ezik, Ciudadanoseko 11 ordezkariek eta Voxeko 4ek ere egin dute haren alde bozketan.
11:42an bozkatu du azken hautagaiak; hots, Begoña Villacis Ciudadanoseko zinegotziak. Ondoren boto-zenbaketa hasi dute, eta handik gutxira Martinez-Almeidak kargua hartu du. "Zin dagit nire alkate eginbeharrak beteko ditudala, leialtasunez eta Konstituzioa betez", esan du.
Horren aurrean, Udalbatzako idazkariak adierazi du Almeidak derrigorrezko izapide guztiak bete dituela, eta ondorioz, Madrilgo alkate izendatu dutela.
Hori entzunda, PPko, Ciudadanoseko eta Voxeko zinegotziak zutik jarri dira eta Almeidaren izendapena txalotu dute. Azken honek eskua bihotzean zeukala hartu du kargua. Madrilgo alkate berriaren senitartekoek, Pablo Casado PPko presidenteak, Isabel Diaz Ayuso (PP) eta Ignacio Aguado (Ciudadanos) Madrilgo Erkidegorako hautagaiek ere txalo artean hartu dute izendapena.
Inbestidura saioan, Ana Botella, Alberto Ruiz Gallardon eta Jose Maria Alvarez de Manzano alkate ohiak izan dira, baita Esperanza Aguirre Madrilgo presidente ohia ere.
Manuela Carmena izan da Martinez-Almeidari aginte makila eman diona.