Politika -
Epaia
Balentziaga auzia: Getariako alkate ohiari lau urte eta erdiko zigorra ezarri diote
Administrazio desleialaren delitu jarraituagatik eta agiriak faltsutzeagatik zigortu dute; ez, ordea, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik eta delitu sozietarioagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Camio Getariako alkate ohiari (EAJ) lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Donostiako Lurralde Auzitegiak Balentziaga auziagatik. Egozten zizkioten bi delituengatik zigortu dute buruzagi jeltzale ohia: administrazio desleialaren delitu jarraituagatik eta merkataritza-dokumentuak modu jarraituan faltsutzeagatik. Camio apirilean epaitu zuten, Balentziaga Museoaren eraikitzeko lanetan izan ziren irregulartasunak tarteko.
Diru publikoa erabiltzeagatik eta delitu sozietario bategatik (zehazki, bazkide bati informazio eskubidea ukatu eta eragozteagatik), ordea, ez dute zigortu.
Epaiaren arabera, Camiok 43.687 euro ordaindu beharko dizkio Cristobal Balentziaga Fundazioari, eta 426.093 euro, Berroeta Aldamar sozietateari (Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Getariako Udalak osatu zuten museoa eraikitzeko lanak kudeatzeko). Biak ala biak akusazio partikular izan dira auzian.
Julian Arguilagos eta Rolando Paciel arkitekto kubatarrak ere epaitu zituzten, lehena ihesean zegoela, baina epaiaren berri eman duen albiste agentziak ez du zehaztu zein zigor ezarri dien Auzitegiak.
Fiskalak eta akusazio partikularrek zortzi urteko zigorra eskatzen zuen Camiorentzat. Getariako Museoa egiteko aurrekontua 4,8 milioikoa zen, baina azkenean 30 milioi kostatu zen.
Camio: "Astakeria bat da"
Epaia ezagutu berritan, "astakeria bat" dela esan du Mariano Camiok Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan. Iragarri duenez, helegitea aurkeztuko du, "dudarik gabe".