Politika -
UDALEN OSAKETA
EAJk eta EH Bilduk gobernu akordioa sinatu dute Bastidan eta Guardian
Arabako Errioxako bi herri horietan alderdi bozkatuena PP izan bazen ere, EAJk eta EH Bilduk gehiengo absolutua izango dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk eta EH Bilduk akordioa sinatu dute Bastidan eta Guardian (Araba) koalizio gobernuak osatzeko, eta hala PPri alkatetzak kentzeko. Arabar Errioxako bi herriotan Alderdi Popularra izan zen garaile maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan.
EH Bilduk aste honetan bertan aurreratu zuen bi herri horietan jeltzaleekin negoziatzen ari zirela, PPk gobernatzea saihesteko. Beraz, ezustekorik ezean, PPk Euskal Autonomia Erkidegoko bi udalerritan soilik aginduko du hurrengo legegintzaldian: Navaridasen eta Mañuetan.
Bastidan, PPk lau zinegotzi eskuratu zituen, EAJk 3 eta EH Bilduk 2. Beraz, bi alderdi abertzaleek gehiengo absolutua izango dute.
Guardian, berriz, PPk eta EAJk hiruna zinegotzi lortu zituzten, baina popularrek 24 boto gehiago bereganatu zituzten. EH Bilduk bi zinegotzi izango ditu eta PSE-EEK, ostera, bat.
Albistearen berri izan aurretik Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidenteak EAJri ohartarazi dionez, akordioak zaildu egiten du popularrek Eusko Legebiltzarrean EAJren eta PSE-EEren aurrekontuak babestea.