Politika -
EAJ-PSE ITUNA
PSE-EEko militanteen % 90ek babestu dute EAJrekin egindako aurre-akordioa
Jeltzaleek eta sozialistek udaletan eta foru aldundietan gobernatzeko egin duten aurre-akordioa berresteko PSE-EEk antolatutako barne-kontsultan parte-hartzea % 57,79koa izan da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskadiko Alderdi Sozialistako militanteen % 90,16k babestu dute PSE-EEk eta EAJk udaletan eta foru aldundietan gobernatzeko egin duten aurre-akordioa.
PSE-EEk ohar bidez jakinarazi duenez, 5.188 militantetik 2.998k bozkatu dute gaur egindako barne-kontsultan. Beraz, parte-hartzea %57,79koa izan da.
2.703 afiliatuk ituna babestu dute; 266 aurka agertu dira; 27k boto zuria eman dute; eta bi boto baliogabetu egin dituzte.
Araban, babesa %95,35ekoa izan da; Gipuzkoan, %96,77koa; eta Bizkaian, %81,32koa.
Parte-hartzerik handiena Gipuzkoan izan da (%75,87) eta txikiena Bizkaian (%44,97). Araban, berriz, % 66,83ra iritsi da parte-hartzea.
Kontsultaren galdera ondokoa izan da: "PSE-EEk eta EAJk Euskadiko udaletan eta foru aldundietan gobernatzeko egin dugun aurre-akordioak hazkunderako, enplegua duina sortzeko, zerbitzu publikoak babesteko, gizartea batzeko eta euskal gizartearen ongizatea bermatzeko politikak abiaraztea ahalbidetuko du. Ituna babesten duzu?" Bai edo ez erantzun behar izan dute.