Politika -

Katalunia

ERCk ez du inbestidura blokeatzeko asmorik eta JxCatek ez du babestuko

Rufianek (ERC) ohartarazi duenez, "ez blokeatzeak" PSOEri "txeke zuri" bat emango diotenik ez du esan nahi. Bestalde, Sanchezi "txeke zuri gehiago" emango ez dizkiotela adierazi du Borrasek (JxCat).

Gabriel Rufian ERCko bozeramailea Adriana Lastrarekin bildu ondoren. Argazkia: EFE/Javier Lizon
Gabriel Rufian ERCko bozeramailea Adriana Lastrarekin bildu ondoren.
Gabriel Rufian ERCko bozeramailea Adriana Lastrarekin bildu ondoren. Argazkia: EFE/Javier Lizon

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchezen inbestidurari dagokionez, "ezer" blokeatzeko asmorik ez dutela ziurtatu du Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak, baina Kataluniako egoeraz "hitz egitea" eskatu du, arazoa elkarrizketarekin konpontzen delako, "ez togekin eta borrekin".

Bestalde, Pedro Sanchezen "inbestidura errazteko inguruabarrak ematen ez" direla azaldu du Junts Per Catalunyak ostegun honetan. Zentzu horretan, alderdiko hiru diputatu behin-behineko espetxealdian daudela eta karguan eten dituztela gogorarazi du. "Eskubideen urraketa", salatu du.

Sanchezen inbestiduran abstenituko ote diren ez du argitu Rufianek. Aurrean "PSOE ausart bat" aurkitzen baldin badute adostasuna posible izango dela ziurtatu du. Horretarako, Kataluniako krisiari irtenbide bat emateko elkarrizketaren aldeko apustua egin beharko dute sozialistek, erantsi duenez.

Adriana Lastra bozeramaile sozialistarekin ordubeteko bilera egin du Rufianek Kongresuan. Bera bezalako solaskide bat aurrean izateagatik "poztu" da ERCko bozeramailea, "eta ez Garcia Page, Lamban edo Borrell".

Inbestiduran izango duten jarreraren inguruan behin eta berriro galdetu diote kazetariek, baina Rufianek ez du zehaztu. Hala ere, pista batzuk eman ditu, besteak beste, hauteskundeak errepikatzeko aukera planteatzea "arduragabekeria" iruditzen zaiola esan du, "hanka-sartzea" litzateke.

Ezer blokeatzeko asmorik ez dutela errepikatu du, baina "ez blokeatzeak" PSOEri "txeke zuri bat ematea" esan nahi ez duela ohartarazi du: "PSOE ausart bat komeni zaigu guztioi, ez elkarrizketa mahaitik altxatzen den PSOE koldar bat", adierazi du.

Laura Borras y Miriam Nogueras. Foto: EFE

Laura Borras Junts Per Catalunyako bozeramailea eta Miriam Nogueras PDeCATeko presidenteordea. Argazkia: EFE/Javier Lizon

Alderdiak zazpi ordezkariekin "blokean" bozkatu ezin izatea deitoratu du Laura Borras JxCateko bozeramaileak, hiru alderdikideak karguan eten dituztelako. Sanchezi "txeke zuri gehiago" emango ez dizkiotela ohartarazi du.

"Dagoeneko eman ditugu txeke zuri guztiak, ez ditugu gehiago emango. Zentsura-mozioan egin genuen eta urtebete geroago egoera honetan aurkitzen gara", adierazi du Laura Borrasek Lastrarekin bildu ondoren.

Azaldu duenez, gaurko bileran Lastrak ez dio esplizituki abstentzioa eskatu, baina bai inbestidura ez blokeatzea, Pedro Sanchezen Gobernuan "beste aukerarik ez dagoelako".

Hala ere, ez dute "baldintza zehatzen" inguruan hitz egin. "Hitz egiten" jarraitzeko borondatea azaldu dute bi bozeramaileek, baina ez dira datorren astean bilduko, Laura Borrasek nabarmendu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean