Politika -
Hauteskunde osteko akordioak
Durangon eta Elorrion udal-ituna 'bideratuta' dute EH Bilduk eta Podemosek
Andeka Larrea alderdi moreko Komunikazio idazkariaren ustez, EAJren eta PSE-EEren arteko negoziazioak 'itxurakeria hutsa' dira; 'badakigu nola amaituko den', esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Andeka Larrea Podemos Euskadiko Komunikazio idazkariak gaur nabarmendu duenez, alderdi morearen eta EH Bilduren artean Durangon eta Elorrion (Bizkaia) udal-ituna lortzeko elkarrizketak "ondo bideratuta" daude.
Durangon EAJ izan zen garaile, baina ezkerreko bi alderdiek bat eginez gero, alkatetza kenduko liokete jeltzaleei. Elorrion, bestalde, zinegotzi kopuru bera lortu zuten EH Bilduk eta EAJk. Elkarrekin Podemosek du giltza hor ere.
Bilbon eskainitako prentsaurreko batean, EAJren eta PSE-EEren negoziazioak "itxurakeria hutsa" direla esan du Larreak. "Azkenean badakigu nola amaituko den, ondo jakin ere", ohartarazi du.
Larrearen hitzetan, sozialistak eta jeltzaleak "alkatetzak nola banatu" aztertzen ari dira, "programei edota herritarren beharrizanei aipamenik egin gabe".
Horren ildoan, Podemoseko kideak kritikatu egin du Juan Mari Aburtorekin zein Unai Rementeriarekin joan den astean egin beharreko bilerak bertan behera utzi zituela EAJk. "Guk eskua luzatu genuen, eta elkarrizketarako prest agertu ginen. Kortesiazko bilerak ziren, baina programen eta akordioen inguruan ere hitz egin nahi genuen, baina bertan behera utzi zituzten batzarrok. Espero dugu legegintzaldi honetako jarrera bestelakoa izatea", deitoratu du.
Durangoko eta Elorrioko udal-gobernuak EH Bilduren esku uzteko Elkarrekin Podemosekin egin beharreko "aldebiko" elkarrizketei dagokienez, "ondo bideratuta" daudela aitortu du Larreak.
Horren hitzetan, "guk ez dugu ezkutatu gehiengo aurrerakoien aldeko gure apustua. Programak izango ditugu oinarri akordioak lortzeko".
Itunok bi emaitza posible dituzte, Larrearen arabera: "Udal-gobernuan sartzea edota oposizioan egonda babestea". Hala, aste honen erdialderako-edo akordioak ixtea espero duela esan du, ondoren "oinarriek berrets ditzaten".