Politika -
Azaroaren 30era arte
Adituek denbora gehiago eskatu dute status berriaren testu artikulatua aurkezteko
Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldearen aditu batzordeari emandako epea hilabete honetan amaitzen zen.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeko talde politikoek adituen batzorde bat aukeratu zuten, status berriaren testu artikulatu bat idazteko. Batzorde horri emandako epea hilabete honetan bukatzen zen, baina adituek denbora gehiago eskatu dute testua aurkezteko. Konkretuki, epemuga azaroaren 30era arte atzeratzea eskatu dute, iturri parlamentarioek jakinarazi dutenez.
Azken hauteskunde kanpainan, foro parlamentarioan ematen ari zen "impasse" egoera salatu zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak. Adituen taldeak testu artikulatuan aurrerapausorik eman ez zutela kritikatu zuen. Horregatik, koalizioak hilabete erdialdera dokumentu propioa planteatu behar zuela iragarri zuen.
Adierazpenek ezinegona sortu zuten EAJn. Koalizioak "lantaldea suntsitu" nahi ez izatea espero zuela azaldu zuen Andoni Ortuzar EBBko presidenteak.
Bestalde, EH Bilduk Ganberan adostutako "akordioa guztiz hausten" zuela ohartarazi zuen Izaskun Bilbao europarlamentari jeltzaleak, aldebakarreko erabakia hartzen ari zelako.
Hala ere, koalizioa epea atzeratzeko prest agertu da ostiral honetan, adituek eskatzen baldin badute. Hori bai, denbora mugatu eta "mandatu parlamentarioa betetzeko konpromiso batekin" lagundu behar dela azpimarratu du EH Bilduk.
Azkenean, epemuga azaroaren 30 era arte atzeratzea eskatu dute bost legelariek.