Politika -

Pedro Sanchezen inbestidura

Hiru diputatu presoek aktei eutsita, JxCATek Sanchezen inbestidura ahalbidetuko luke

Karguan etenda daudenez, ezingo lukete bozkatu eta, ondorioz, gehiengo sinplea 173 bototan egongo litzateke. Hortaz, Sanchez presidente izendatuko lukete bigarren bozketan.

Laura Borras eta Felipe VI.ena erregea Zarzuela Jauregian. Argazkia: EFE
Laura Borras eta Felipe VI.ena erregea Zarzuela Jauregian.
Laura Borras eta Felipe VI.ena erregea Zarzuela Jauregian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Borras Junts per Catalunyako bozeramaileak jakinarazi duenez, talde horretako hiru diputatu presoek ez diote beren eserlekuari uko egingo, karguan etenda egon arren.

Borras Zarzuela Jauregian izan da, Felipe VI.a erregeak inbestidurarako hasi duen bilera-sortaren baitan, eta batzarra amaitu ostean egin du iragarpena.

Kontraesana badirudi ere, erabaki horrek Pedro Sanchez bigarren bozketan Espainiako Gobernuko presidente izendatzea ahalbidetuko luke; izan ere, Jordi Turullek, Josep Rullek eta Jordi Sanchezek diputatu aktari eutsi arren, ezingo lukete bozkatu eta, ondorioz, gehiengo sinplea 176 bototik 173ra jaitsiko litzateke.

Nolanahi ere, gehiengo sinple horretara heltzeko, Sanchezek, PSOE, Unidas Podemos, EAJ, Compromis eta Kantabriako Alderdi Erregionalistako diputatuen babesa beharko luke, baita Navarra Sumak abstentzioaren alde egitea ere.

Borrasek ez du argitu inbestiduran zer bozkatuko duten. Presidentegaia JxCATekin harremanetan noiz jarriko diren zain daude, zuzenean hari esateko.

Hori bai, JxCATeko bozeramaileak azpimarratu du Espainiako Gobernuko presidente berriak Kataluniako gatazka politikoa elkarrizketaren bidez konpontzeko borondatea eta gaitasuna izan beharko lukeela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Hauteskunde orokorrak Espainiako Felipe VI.a argazkiak Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskunde Orokorrak Emaitzak Junts per Catalunya gaur Espainiako Gobernua argazkiak