Politika -

PRESOAK

Estrasburgok atzera bota du 19 presok zigor metaketaren inguruan egindako eskaria

Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak arrazoia eman dio Espainiako Justiziari.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia, Estrasburgon. Egile eskubiderik gabeko irudia
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia, Estrasburgon
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia, Estrasburgon. Egile eskubiderik gabeko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak artxibatu egin du 19 euskal presok zigor metaketaren inguruan aurkeztutako auzi-eskea. Frantziako espetxeetan igarotako urteak Espainian bete beharreko zigorretatik kentzeko galdegiten zuten eskatzaileek. Estrasburgoko Auzitegiak, ordea, arrazoia eman dio Espainiako Justiziari.

Ostegun honetan ezagutarazi den erabakian, urrian auzi berari buruzko epaia eman zuela azpimarratu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Orduan, Espainiari arrazoia eman zion, Santiago Arrospide Sarasolak (Santi Potros), Francisco Mujika Garmendia (Pakito) eta Alberto Plazaolari Frantzian betetako zigorrak ez konputatzeko erabakiaren inguruan.

Erabakia hartu duen hiru magistratuz osatutako batzordearen esanetan (tartean dago Maria Elosegui donostiarra), 19 presoek azaldutako arrazoiak berdinak dira. Zehazki, Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 5.1 artikulua (askatasunerako eskubideari eta legearen kontrako atxiloketari buruzkoa) eta 7. artikulua (araudirik gabe zigortua ez izateko eskubidea) urratu dituela arrazoitu dute salatzaileek.

Artikulu horietan aipatzen diren giza eskubideak urratzen ez direla iritzita, auzia artxibatzea ebatzi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.

Hauek dira salaketa jarri duten 19 presoak: Jose Javier Zabaleta Elosegui, Aitzol Gogorza, Juan Carlos Subijana, Jose Ramón López de Abetxuko, Jose María Arregi, Idoia Mendizabal, Josu Arkauz, Agurtzane Delgado, Oscar Celarain, Xabier Zabalo, Ainhoa Barbarin, Balbino Saenz, Andoni Otegi, Juan Luis Rubenach, Juan Ramon Carasatorre, Miguel Angel Gil Cervera, Angel María Lopez Anta, Francisco Javier Chimeno eta Aitor Aguirrebarrena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EB Europa bideoak Presoak bideoak ETA Epaiketak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Abokatuen albisteak Giza eskubideak albisteak Giza Eskubideen Europako Auzitegia gaur