Politika -

Lau diputatu presoak

Ganberako gehiengo osoa 176 eserlekutan utzi du Kongresuko Mahaiak

Meritxell Batet Ganberako presidenteak azaldu duenez, erakundeko zerbitzu juridikoek egindako txostenaren aholkuei jarraituz hartu dute erabakia.

Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko presidentea. Argazkia: EFE/Juanjo Martin
Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko presidentea.
Kargua etenda duten diputatuek gehiengoan eraginik ez izatea nahi dute legelariek

1:00

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ganberako gehiengo osoa 176 eserlekutan uztea erabaki du Kongresuko Mahaiak asteazken honetan. Mahaiaren arabera, behin-behineko espetxealdiagatik karguan etendako lau diputatuek parlamentario izaera ez dute galdu eta, ondorioz, Ganberaren zenbatekoan (350 kide) kontuan hartu behar dituzte.

Meritxell Batet Ganberako presidenteak azaldu duenez, erakundeko zerbitzu juridikoek egindako txosten juridikoaren aholkuei jarraituz hartu dute erabakia. Oriol Junqueras (ERC), Jordi Sanchez, Josep Rull eta Jordi Turull (Junts per Catalunya) behin-behineko espetxealdian dauden eta proces auzian, matxinada leporatuta, epaitutako diputatuak karguan eten ondoren, gehiengo osoa murriztu ala ez erabaki behar zuen Mahaiak.

Abokatuen txostena aztertzeko denbora gehiago eskatu dute Unidas Podemoseko ordezkariek Kongresuko Mahaian, baina hartutako erabakiaren kontrako jarrerarik ez dute azaldu.

Karguan etendako lau diputatuekin bateragarria den aurrekari bakarra aipatu dute zerbitzu juridikoek txostenean. Angel Alcalde Herri Batasunako diputatuaren kasua da. Josu Muguruza ordezkatu zuen Alcaldek. Muguruza Kongresua osatzeko bezperan hil zuten 1989an.

Diputatu agiria eman ziotenean Alcalde behin-behineko espetxealdian zegoen, ETAri laguntzea egotzita auzipeturik. Alcaldek agiria jaso zuenean, Gorenak presoa aske utzi zuen eta ikerketarekin aurrera jarraitzeko Kongresuari suplikatorioa eskatu zion.

Soldatarik gabe

Nahiz eta karguan etendako lau diputatuak Kongresuko Talde Mistora pasa, botoaren haztapenean eraginik izango ez dutela erabaki du Mahaiak, ezta talde heterogeneoko ekimenen kupoak ezartzeko orduan ere.

Gainera, karguan etendako diputatuek soldatarik ez kobratzea adostu du Kongresuko Mahaiak.

Era berean, JxCateko diputatuak eta Junqueras karguan etenda egongo ez balira Mistoari egokituko litzaiokeen diru-laguntzaren zati proportzionala ez du jasoko Taldeak. Hau da, banaketa guztietarako, 14 kide aktiboak soilik kontuan hartuko dituzte.

PP eta Ciudadanos gehiengo osoa murriztearen kontra agertu ziren, eta Mahaiaren erabakiagatik zoriondu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika Espainia Eguneko albisteak Albisteak