Politika -

Negoziazioa Nafarroan

'Gobernu aurrerakoi eta plural' bat nahi du PSNk, baina EH Bildu gabe

Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin 23 parlamentariko gehiengo bat sortzea da sozialisten asmoa.

PSNko eta Geroa Baiko ordezkariak, bileran. Argazkia: EFE
PSNko eta Geroa Baiko ordezkariak, bileran.
Maria Chivitek gobernu aurrerakoi bat eratzeko asmoari eusten dio

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak Geroa Bairi helarazi dio "gobernu progresista, ezkerrekoa eta plural baten buru" izan nahi dutela, eta horretarako ez dutela EH Bildurekin negoziatuko ezta itunduko ere.

Helburua, esan duenez, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin 23 parlamentariko gehiengo bat sortzea, eta lortzen badute, Maria Chivite hautagai sozialistak Foru gobernuko presidentea izateko inbestidura saiora aurkeztuko du bere burua.

Maria Chivite PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako Presidentetzarako hautagai sozialista eta Uxue Barkos Geroa Baiko buruzagi eta Foru Gobernuko jarduneko presidentea bilduta daude 13:00etatik, "gobernu aurrerakoia" osatzeko sozialistek abiatutako bilera sortaren baitan.

Alzorrizek esan duenez, bilera "atsegina" izan da. PSNk "Espainiako Gobernua dagoen eta egon den sintonia berean" lan egiten duela esan du, hau da, "gobernu pluralak, ezkerrekoak eta aurrerakoiak sortzekoan". "Esparrua argia da, eta PSNren eta PSOEren konpromisoa argia da; sintonia bera, bide bera eta konpromiso bera", esan du. "Arazorik ez dagoela ulertzen dugu", gehitu du.

PSNren eta Geroa Bairen arteko bileraren osteko prentsaurrekoan, Parlamentuko egoitzan, PSNko bozeramaileak esan du, gainera, Nafarroako sozialistek ez dituztela euren botoak Navarra Sumari emango foru erkidegoa gobernatzeko, eta ukatu du PSN Ferrazi "aurre egiten" ari zaionik.

Horrela, Ramon Alzorrizek esan du PSNren "A plana, B plana eta C plana Gobernu aurrerakoia eta ezkerrekoaren buru izatea" direla, eta 2007ko egoera berriz errepikatu daitekeenik ukatu du. Urte horretako abuztuan, Ferrazek PSNren eta abertzaleen arteko akordio bat galarazi zuen, eta azkenean UPNren Gobernu bati bide eman zion.

Batzarra Nafarroako Parlamentuko lantaldeen aretoan ari dira egiten. PSNren izenean, Chivitez gain, Ramon Alzorriz Antolaketa idazkaria eta Inma Jurio Administrazio Publikoetako idazkari exekutiboa daude. Geroa Bairen izenean, honakoak joan dira: Barkos bera, Unai Hualde Geroa Bairen 'bigarrena', Koldo Martinez 'hirugarrena', Itziar Gomez Geroa Bairen Iruñeko alkategaia eta Ana Ansa Zabaltzenen presidentea.

Geroa Baiko ordezkariak izan dira iristen lehenak, eta minutu batzuk geroago heldu dira sozialistak. Kazetari eta kamera ugari zituzten zain, baina ez batzuek ez besteek ez dute adierazpenik egin.

PSNk iragarritako bileran sortan lehena da hau. Nafarroako Ahal Dugurekin bihar bilduko dira sozialistak, eta I-E-rekin, ostiralean. EH Bildu negoziazioetatik kanpo utzi dute. Horren ildoan, ohartarazpena egin dio gaur koalizio abertzaleak Chiviteri: "Eskuinari aurre egiteko EH Bildurekin hitz egin behar da".

Nafarroako Alderdi Sozialistak Madrilgo zuzendaritza kontra duela abiatu ditu gobernua osatzeko elkarrizketak, horretarako EH Bilduren abstentzioa behar duelako.

Ferrazetik ezezkoa jaso arren, Nafarroan gobernu "ezkertiarra" osatzeko "konpromisoa" beteko duela esan zuen atzo Chivitek.

Nafarroako presidente izateko Geroa Bai (9 eserleku), Ahal Dugu (2) eta Izquierda-Ezkerra (1) alderdien babesa (23 guztira), eta EH Bilduren abstentzioa beharko luke Chivitek.

Javier Esparza Navarra Sumaren hautagaia presidente aukeratzeko, berriz, PSNk zuri bozkatu beharko luke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai Nafarroa Uxue Barkos Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako udal eta foru hauteskundeak