Politika -

Geneva

Kataluniako presoen inguruko NBEren txostenean 'hanka-sartzeak' salatu ditu Espainiak

Gainera, "aditu taldeko bost kideetatik bik" Carles Puigdemonten abokatuetako batekin "harreman estuak" izan dituztelako protesta egin du Espainiako enbaxadoreak.

Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren jarduneko bozeramailea. Argazkia: EFE/ Fernando Alvarado
Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren jarduneko bozeramailea.
Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren jarduneko bozeramailea. Argazkia: EFE/ Fernando Alvarado

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NBEko lantalde batek Kataluniako hiru politikari presoren espetxeratzea "bidegabetzat" jo zuen. Txosten horretan "hanka-sartzeak" eta "itxuraldaketak" salatu ditu ostiral honetan Espainiako enbaxadoreak Genevan.

Isabel Celaa Espainiako Gobernuaren bozeramaileak agerraldia egin du Ministroen Kontseilua bildu ondoren. NBEko atxiloketa bidegabeen lantaldeak egindako lana hizpide izan du Celaak.

"Iritzia" aldatzeko berrikusketa eskatu du enbaxadoreak, "hanka-sartzeak eta itxuraldaketak" dituelako. Gainera, interes-gatazka izan dela argudiatu du Espainiako ordezkariak.

Celaaren hitzetan, lana idatzi dutenek Kataluniako politikariak zergatik dauden auzipetuta "ez dakitela ematen du". "Itxuraz botere banaketaren berririk ez dute", eta egoera Botere Judizialaren eskuetan dagoela, erantsi duenez.

Agiriak lan judizialean "muturra sartzen" duela uste du Espainiako Gobernuak, Gorenak ahozko epaiketa itxi eta epaiaren zain utzi "baino lehen" argitara eman dutelako.

Celaa: "Itxuraz botere banaketaren berririk ez dute"

Bestalde, "aditu taldeko bost kideetatik bik" Ben Emmerson Carles Puigdemonten abokatuarekin "harreman estuak" izan dituztelako protesta egin du Espainiako enbaxadoreak.

Jose Antonio Guevara Bermudez (Mexiko) eta Seong-Phil Hong (Hego Korea) aipatu ditu Espainiako Exekutiboak. Gobernu zentralaren hitzetan, Emmersonekin izandako harremana ikusita, "abstenitu behar ziren".

Gobernuek ezagutzeko, mota honetako lanen 48 orduko enbargoa ez zela errespetatu uste du enbaxadoreak.

NBEko prozedura berezi hauen finantziazioan "gardentasuna" aldarrikatu du Espainiako Gobernuak, Celaak azaldu duenez, "manipulazio eta intoxikaziorik" gertatzea eragozteko.

Bozeramailearen ahotan, nahiz eta agiriaren edukiagatik "haserre" agertu, Espainiak nolanahi ere prozedura horiek "erabat eta zintzo" babesten ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Nazioartea Espainiako Gobernua Espainia NBE Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean