Politika -
Sanferminak 1978
Servini epaileak deklaratzera deitu ditu German Rodriguezen senitartekoak
Poliziak tiroz hil zuen German Rodriguez 1978ko sanferminetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Maria Servini epaileak, frankismoaren hilketekin lotutako Argentinako kereila bideratzen ari den epaileak, deklaratzera deitu ditu 1978ko sanferminetako istiluengatik auzia jarri zuten erakundeak eta German Rodriguezen senitartekoak.
78ko Sanferminak Gogoan herri ekimenak azaldu duenez, ekainaren 5ean hartuko du hitza duela 40 urte Poliziak tiroz hil zuen Rodriguezen familiak, baita Iruñeko Peñen Federazioko kideek eta aipatu erakundeko ordezkariek ere.
Argentinara egingo duten bidaian, torturengatik kereilak jarri dituzten herrietako, Nafarroako Parlamentuko, Diputatuen Kongresuko eta Europako Parlamentuko ordezkariak izango dituzte bidelagun. Gainera, Buenos Airesen bertan elkarrizketak eta bilerak hitzartu dituzte Perez Esquivel elkartearekin, besteak beste, eta Argentinako Kongresuko eta Senatuko kideekin ere hitz egingo dute.
78ko Sanferminak Gogoan ekimenak gogora ekarri du urtarrilean kereila kriminala jarri zutela 1978ko uztailaren 8ko istiluekin lotuta. Geroago, Iruñeko Peñen Federazioak eta gertakari haietan zauritutako bi lagunek bat egin zuten kereila horrekin.
Aldi berean, "Argentinako kereila" jarri zuten Buenos Airesko auzitegietan. Esan bezala, Maria Servini arduratzen da frankismoan zehar egindako hilketak ikertzeaz; 78ko sanferminetakoa, besteak beste.