Politika -
M26ko hauteskundeen ostean
'Jarrera ez oztopatzailea' eskatu dio Eusko Jaurlaritzak oposizioari
M26ko hauteskundeen emaitzen ostean, "jarrera irekia, eraikitzailea eta ez oztopatzailea" eskatu die Erkorekak Eusko Legebiltzarreko oposizioko alderdiei.
Agentziak | Erredakzioa
M26ko hauteskundeen emaitzen ostean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "jarrera irekia eta konstruktiboa, ez oztopatzailea" eskatu die Eusko Legebiltzarreko oposizioko alderdiei; "egungo egoerarekin bat datorrena", alegia
Erkorekak astearte honetako Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, hauteskundeen emaitzen analisi positiboa egiten du Jaurlaritzak, EAJ-PSE-EEren arteko koalizioa "konpromisoetan oinarritutako politiken eredua" baita.
"Eredu hori Nafarroan erabili daitekeen, alderdi politiko nafarrek erabaki beharko dute", esan du Jaurlaritzako bozeramaileak Foru Erkidegoan eredu hori erabili ote daitekeen galdetuta.
M26ko hauteskundeetako emaitzek "koalizioko Gobernuari bermea eman diotela" uste du Erkorekak; horrenbestez, "akordiorako tarte berria zabaldu dela eta tarte berri hori kontuan izanda alderdiek egoeraren irakurketa eta estrategia berria egin behar dutela" azaldu du.