Politika -
Katalunia
Gorenak Kongresuaren esku utzi du diputatu presoak kargugabetu edo ez erabakitzea
Manuel Marchena Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoko presidenteak azaldu duenez, "bideraezina da eskatutako txostena Auzitegi Gorenak egitea, horren izaera konstituzionala dela eta".
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako prozesu independentistaren auzia daraman Auzitegi Goreneko aretoak Diputatuen Kongresuaren esku utzi du berriro preso dauden diputatu eta senatari katalanak berehala kargugabetu edo ez erabakitzea. Gauzak horrela, bost politikari katalanen inguruan igorritako idatzia gogora ekarri du, eta erabakia hartzea Kongresuari dagokiola azpimarratu du.
Izan ere, Ganberako Mahaian Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull eta Jordi Sanchez diputatuak kargugabetu edo ez erabakitzeko bilera deitu aurretik, “behin-behineko espetxealdian dauden pertsonen egoera” argitzea eskatu zion atzo Meritxell Batet Kongresuko presidenteak Auzitegi Gorenari.
Alabaina, Manuel Marchena Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoko presidenteak azaldu duenez, “bideraezina da eskatutako txostena Auzitegi Gorenak egitea, horren izaera konstituzionala dela eta”. Ildo horretatik, Kongresuak halako erabakiak hartzeko eskumena baduela ziurtatu du. Horrenbestez, magistratuek ez dutela eskatutako txostena zertan egin behar nabarmendu du.
Testuinguru horretan, maiatzaren 14an emandako epaia gogora ekarri du Marchenak, eta Behe Ganberari beharrezko arrazoiak eman zizkiotela erantsi du. Halaber, diputatu presoak kargugabetu edo ez erabakitzea Kongresuko abokatu taldearen esku jarri zutela azaldu du.
Gauzak horrela, “auziak bere bidea” jarraituko duela eta Auzitegi Gorenaren helburua prozesua babestea dela esanez amaitu du Marchenak oharra.
Dena dela, Gorenak oraindik ez dio erantzun Fiskaltzak egindako eskaerari. Izan ere, preso dauden diputatu eta senatari katalanak "lehenbailehen" kargugabetzeko presio egin zezan eskatu zion, Ganberako araudia interpretatu beharrik gabe.