Politika -

Mahai politikoa

EH Bilduk Idurre Bideguren senatari izateko proposatu du

Koalizioaren mahai politikoak astelehen honetan hartu du erabakia. Eusko Legebiltzarrak Bideguren maiatzaren 30ean "izendatuko" duela esan du koalizioak.

EH Bilduren mahai politikoaren bilera. Argazkia: EH Bildu
EH Bilduren mahai politikoaren bilera.
EH Bilduren mahai politikoaren bilera. Argazkia: EH Bildu

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idurre Bideguren Bermeoko alkatea senatari izateko, Jon Iñarritu ordezkatzeko, proposatu du EH Bilduk. Iñarritu diputatu izango da Kongresuan, apirilaren 28ko hauteskundeetan eserlekua bereganatu ondoren.

Koalizioaren mahai politikoak astelehen honetan hartu du erabakia. Eusko Legebiltzarrak Bideguren maiatzaren 30ean "izendatuko" duela esan du koalizioak.

Bi agintalditan Bermeoko Udala zuzendu ostean, Bideguren ez da alkategaia izango maiatzaren 26ko hauteskundeetan. EH Bilduren Kongresurako zerrendan bigarrena izan zen Bizkaian, baina ez zuen ordezkaritzarik lortu.

2016ko hauteskunde orokorren ondotik, Jokin Bildarratz (EAJ), Jon Iñarritu (EH Bildu) eta Tontxu Rodriguez (PSE-EE) senatari izendatu zituen Legebiltzarrak. Podemosen hautagaiak ez zuen babes nahikorik lortu.

Gainera, EH Bilduren Kongresuko eta Senatuko ordezkariak Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiarekin eta Marian Beitialarrangoitia Erakunde Politikako arduradunarekin bildu dira, egoera politikoa aztertzeko eta datorren legealdian egin beharrezko lana prestatzeko, koalizioak agiri batean azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Diputatuen Kongresua Politika Eusko Legebiltzarra Espainia bideoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Senatua gaur