Politika -
Guardia Zibilaren operazioa
Hiru atxilotu Nafarroan, Korrikan presoen argazkiak eramatea egotzita
Hirurak aske utzi dituzte dagoeneko. Emakume bat eta bi gizon atxilotu dituzte, azken biak Berriozarren. "Terrorismoa goratzea" leporatzen diete.
eitb.eus
Gutxienez hiru pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak Nafarroan, azken Korrikan presoen argazkiak eramatea egotzita, Ahotsa, Naiz eta Berria atariek aurreratu dutenez. Horietako bi Berriozarren atxilotu dituzte. Hirurak aske utzi dituzte dagoeneko.
Emakume bat eta bi gizon atxilotu dituzte, azken biak Berriozarren. "Terrorismoa goratzea" leporatzen diete.
Iturriek zehaztu dutenez, atxilotuak Olaia Martinez de Lizarrondo, Pol de Miguel eta Fran Iso dira.
Ahotsa.eus-ek berri eman duenez, atxilotuak Guardia Zibilaren Iruñeko kuartelean izan dira.
Naiz-ek aipatutako iturrien arabera, atxiloketak Guardia Zibilaren ekimena izan dira, ez Fiskaltzarena.
Hala ere, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzako iturriek baieztatu dutenez, atxiloketak "Auzitegi Nazionalak aginduta" egin dituzte. Antza denez, ETAren biktima batzuek jarritako salaketa baten harira zabaldu zuen ikerketa ANk.
Atxiloketen berri izan ondoren, "Guardia Zibilak, indar politiko jakin batzuekin lankidetzan, hauteskunde kanpainan nahastu nahi du", salatu du Sortuk agiri batean.
Atxilotuak "berehala askatzeko" eskatzeaz gain, "bake eta elkarbizitza agertoki" baten alde egin du Sortuk, baina "pertsona presoen eskubideen urraketak eta bidegabekeria horiek salatzeagatik egindako atxiloketek oztopatzen" dutela uste du.
Bestalde, hiru atxiloketetan "helburu politiko argia" ikusten du EH Bilduk. Koalizioaren ahotan, UPNk eta PSNk Berriozarren hasitako "kanpaina" baten "jarraipena" dira.