Politika -
Eusko Legebiltzarra
EAJ hauteskundeak aurreratzeko aitzakia bila dabilela uste du EH Bilduk
"Eusko Jaurlaritza bere ekimenak aurrera ateratzeko gai ez bada, Alderdi Sozialistarekin gutxiengo gobernua osatzea erabaki zuelako da", azpimarratu du Maddalen Iriartek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azken egunotan, Eusko Jaurlaritzako sailburuek nahiz EAJko buruzagiek sarritan esan dute EH Bilduk eta PPk Legebiltzarrean bat egin dutela Iñigo Urkulluren Gobernuari kontra egiteko.
EH Bilduk hala denik ukatu du, eta horrelako adierazpenak eginda EAJ hauteskundeak aurreratzeko aitzakia bila dabilela salatu du.
Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno legebiltzarkideek agerraldia egin dute gaur goizean Gasteizko Ganberan, Jaurlaritzaren ekimenak atzera botatzeko asmoz koalizio soberanista PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin bat eginda dabilela gezurtatzeko.
Aurrez, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak esan du lehendakariari dagokiola hauteskundeak noiz egin erabakitzea, "baina 2020rako aurreikusita badaude, logikoena 2020an deitzea izango da".
"Beste kontu bat izango litzateke mahai gainean dauden gaiak aurrera ateratzea ezinezko egiteko planto antzekoak egotea; kasu horretan lehendakariak herriarentzat onena den erabakia hartuko luke", erantsi du oposizioko alderdiei aipu eginez.
Iriartek "zinismoz" jokatzen aritzea egotzi dio Ortuzarri, oposizioko hiru taldeak Jaurlaritzari kalte egiteko bat egin dutela inork sinesten ez duela nabarmenduta.
EAJ hauteskundeak aurreratzeko aitzakia bila ote dabilen galdetuta, Iriartek baietz ematen duela erantzun du. Jarrera horrekin Jaurlaritzak "ahaltasuna" erakusten duela gaineratu du.
Ildo horretan, gogora ekarri du EAJk berak erabaki zuela PSErekin gutxiengo gobernua osatzea eta akordioak (Aurrekontuak, esaterako) Alderdi Popularrarekin egitea lehenestea.
Nolanahi ere, eta Ortuzarrek bere adierazpenekin "hanka sartu arren", Iriartek berretsi du EH Bildu EAJrekin itunak egiteko prest dagoela, baina horretarako PPrekin hautsi behar duela esan dio, alderdi horrekin "ezer positiborik" eraiki ezin daitekeela iritzita.
Halaber, 2020ko Aurrekontuak negoziatzeko prest egon liratekeela adierazi du, baina zehaztu du gauza ezberdinak direla proiektu bat negoziatzea eta adostea edo EH Bilduk EAJren egitasmoa "besterik gabe" babestu behar izatea.
Legebiltzarreko akordioak
Bestalde, Unai Urruzunok EAJren salaketa gezurtatzeko hainbat datu eman ditu. Legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzak 14 egitasmo atera ditu aurrera, eta horietako 10 Alderdi Popularraren babesari esker izan da.
EH Bilduk 226 proposamen eta mozio aurkeztu ditu. Horietako 10 baino ez dira onartu Elkarrekin Podemos eta PPren botoekin. Gehienak (4), berriz, EAJrekin eta beste alderdi batzuen babesarekin onartu dira.
Aitzitik, EAJk, PSEk eta PPk 68 kasutan batu dituzten euren botoak EH Bilduren proposamenak atzera bota edo aldarazteko.
Alderdi Popularrak, ostera, 116 ekimen aurkeztu ditu, eta horietako 17 soilik babestu dituzten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. 32, berriz, EAJrekin eta PSEreki adostu zituen PPk.