Politika -

EUROPAKO HAUTESKUNDEAK, M26

Gorenak hautagai ikusten du Puigdemont, baina ohiko justiziari berbidali dio auzia

Gorenaren ustez, Puigdemont, Comin eta Ponsanti hautagai izan daitezke Europako hauteskundeetan, baina Madrilgo Auzitegiei agindu die eurek erabakitzeko, eta "berehala", gainera.

Carles Puigdemont artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont artxiboko irudi batean.
Puigdemont: 'Aurkariaren zelaian irabazi dugu lehenengoz'

0:42

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak ohiko justiziara bidali du berriro Carles Puigdemonten inguruko erabakia eta, hortaz, Madrilgo Administrazio Auzietarako Auzitegiek ebatzi beharko dute Puigdemont, Antoni Comin eta Clara Ponsati JxCat-en Europako hauteskundeetarako zerrendan joan daitezkeen ala ez. Gorenaren iritziz, horiena baita erabakia hartzeko betebeharra, eta erabakia "berehala" hartzeko ere agindu die.

Hori bai, igande honetan kaleratu duten ebazpenean argi utzi dute euren iritziz, hiru politikari kataluniarrak "hautagai izan daitezkeela" Europako hauteskundeetan.

Carles Puigdemont, Antoni Comin eta Clara Ponsati JxCat-en Europako hauteskundeetarako zerrendan 1., 2. eta 3. postuan zihoazen, baina aste honetan Hauteskunde Batzorde Zentralak bertan behera utzi zuen horien hautagaitza.

Erreakzioak

Horren harira, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak agerraldia eskaini du bideo bitartez Waterloo hiritik, eta esan du bere hautagaitzak garaitu duela "lehen aldiz arerioaren zelaian".

"Konbentzitu dugu, garaitu dugu, eta bihar dokumentutan islatuta geratuko da", azpimarratu du Puigdemontek. Gainera, hiru politikariak Europako hauteskundeetara aurkeztuko direla bermatu du, "eskubidea dugulako, eta Hauteskunde Batzordearen erabakia demokrazian onartezina den saiakera lotsagarria izan da".

Hauteskunde Batzorde Zentralak, batasunik gabe hartutako erabakian, hiru politikari horien hautagaitza "legeari iseka" egitea zela iritzi zion. Ez direla bizi Espainian (Belgikan daude erbesteratuta edo ihes eginda), eta beraz, "hauteskunde legea urratzen dutela".

Hiru politikariek helegitea jarri zuten erabaki horren kontra Madrilgo 2., 9. eta 21. Administrazio Auzietarako Auzitegietan.

Ostiralean, Hauteskunde Batzordearen erabakiaren kontra hitz egin zuen Madrilgo Fiskaltzak eta Puigdemont, Comin eta Ponsantiren helegitea aintzat hartzearen alde zegoela adierazi zuen, euren hautagaitza baliogabetuta "sufragio pasiborako eskubidea urratzen" zaielako.

Atzo, Madrilgo Auzitegi horiek errekurtsoak Auzitegi Gorenari igortzea erabaki zuten, hark erabaki zezan, baina gaur, berriro ere eurei itzuli die auzia Gorenak.

Puigdemonten abokatua

Gonzalo Boyek, Carles Puigdemonten abokatuak, Auzitegi Gorenaren ebazpena ospatu du. Horren ustetan, justiziak immunitaterako eskubidea ere aitortuko dio azkenean Puigdemonti. Twitterren Boyek idatzi du: "Hasieratik esan genuen, Carles Puigdemont, Clara Ponsati eta Toni Comin hauteskundeetara aurkeztu ahal izango dira, eta Gorenak gure alde jo du orain; eta gauza bera gertatuko da immunitatearekin… ikusiko dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Europako hauteskundeak emaitzak Europako hauteskundeak Espainia Eguneko albisteak Carles Puigdemont JxCat azken ordua