Politika -
Hauteskunde-batzorde Zentrala
Fiskaltza: 'Puigdemont baztertzeak hauteskundeetara aurkezteko eskubidea urratzen du'
Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik Hauteskunde-batzorde Zentralaren erabakiaren aurka helegitea aurkeztu zuten. Europako Parlamenturako zerrendatik at utzi zituen Batzordeak.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont, Antoni Comin eta Clara Ponsatik aurkeztutako helegitea onartzea eskatu du Madrilgo Fiskaltzak. JxCateko zerrendatik kanporatuz, Kataluniako politikarien "sufragio pasiborako oinarrizko eskubidea" urratzen ari direla uste du Fiskaltzak.
Ministerio Publikoak bere argudioak administrazioarekiko auzien epaitegian aurkeztu ditu. Europako Parlamenturako zerrendatik at utzi zituen erabakiari helegitea aurkeztu zioten Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik. Zerrendako lehen, bigarren eta hirugarrenak ziren.
Zerrenak legeari "iseka" egiten ziola erabaki zuen Hauteskunde-batzordeak, baina ez aho batez, "Espainiako Justiziatik ihes eginda egonik" hauteskundeetara aurkezteko asmoa izateagatik. Gainera, hiru hautagaiek hauteskunde araudia urratzen zutela ebatzi zuen, erroldaturik dauden udalerrietan bizi ez direlako, sufragio aktibo zein pasibo eskubiderako hauteskunde erroldan izena ematea "ezinbesteko baldintza" denean.
Fiskaltzaren ahotan, ostera, irakurketa horrek sufragio pasiboaren oinarrizko eskubidea murrizten duela uste du. Fiskaltzaren esanetan, oinarrizko eskubideen ariketan, "irakurketa mesedegarrienaren alde egitea inposatzen" du Auzitegi Konstituzionalak.
Honenbestez, Hauteskunde-batzordeko kide batzuek igorritako boto partikularrekin bat egin du Ministerio Publikoak. Legeak sufragio pasiboari zigor epai irmo bat beste baldintzarik jartzen ez diola gogorarazi du Fiskaltzak.
Espainiatik kanpo bizi direla "bistakoa" dela eta atzerrian bizi direnen erroldan izena eman ez dutela argudiatu zuen Batzordeak, baina "erroldak egokitutako hauteskunde mahaian botoa eman ahal izatea eragozten dien arau juridikorik ez dago", gogorarazi du Fiskaltzak.
"Hala ere, naturala denez, saiakeran eta lortu baino lehen atxilotuak izan daitezke auzi-ihesean daudelako", eta ondorioz, boto-eskubidea "benetan gauzatzea ezinezkoa" dute.
Bestalde, auzipetzeak hiru politikariak hautagaiak izateko aukerarik gabe uztea ukatu du Fiskaltzak. Zentzu horretan, proces auzian akusaturik dauden zenbait pertsona hauteskunde orokorretara aurkeztu zirela gogorarazi du, Hauteskunde-batzordearen oniritziarekin.
Azkenik, errugabetasun-presuntziorako eskubidea azpimarratu du: "sententzia judizial irmo batek zigortuak eta auzipetu soilak ezin dira parekatu".
Argudio horiekin, Hauteskunde-batzordearen ebazpena "neurrikoa" ez dela uste du Ministerio Publikoak, nahiz eta izaera politikoa duenik edo organoak eskumenik ez duela ukatu.