Politika -
Salhaketa
Preso bat hil da Zaballako espetxean, urtea hasi zenetik laugarrena
Espetxeetako Zuzendaritzak, baina, ez du preso horren heriotzari buruzko informazio gehiagorik eman. Autopsiak esango du, beraz, nola hil den.
EiTB.EUS
28 urteko preso bat hil da Zaballako kartzelan, Euskadi Irratiak ostiral goiz honetan iragarri eta Salhaketa elkarteak baieztatu duenez.
Urtea hasi zenetik Arabako espetxe horretan hil den laugarren presoa da, eta hilabete honetan hilik aurkitu duten bigarrena. Hain zuzen ere, 5. moduluan topatu zuten gorpua, ostegunean.
Espetxeetako Zuzendaritzak, baina, ez du preso horren heriotzari buruzko informazio gehiagorik eman, eta Salhaketak ez du oraindik haren senitartekoekin hitz egiteko aukerarik izan.
Horren aurrean, aipatu elkarteak heriotza horien gaineko “ezkutatze politika” salatu du, inolako informazio publikorik ematen ez dutela arrazoituta.
Halaber, agintari politiko eta juridikoen lana kritikatu du, heriotza horiek ikertzeko orduan erakusten duten jarreragatik. “Egoera jasanezina da, heriotza gehienak saihesteko modukoak dira”, adierazi dute.
Bukatzeko, larri dauden presoak edota buruko gaitzak dituztenak espetxetik ateratzea exijitu du Salhaketak, legeak hala jasotzen duelako.