Politika -
GASTEIZ
Mozal legearen baitan Hala Bediko kazetariari jarritako isuna, bertan behera
Mikel Sainz de Buruaga absolbitu du epaileak. Haren esanetan, ez da frogatu ertzainen aurka egin zuenik. Epaia irmoa da eta Jaurlaritzak ordaindu beharko ditu auzibideak eragindako kostuak.
EITB.EUS
Gasteizko epaitegi batek Mikel Sainz de Buruaga Hala Bediko kazetaria absolbitu du, Mozal legea aplikatuta zabaldu zioten auzibidean. Ondorioz, hasieran ezarri zioten 602 euroko isuna ordaindu beharko. Epaia irmoa da. Eusko Jaurlaritzak ordaindu beharko ditu auzibideak eragindako kostuak, baita kasua eraman duen Hala Bediko abokatuaren gastuak ere.
Hala Bedik azpimarratu duenez, epaiketa irabaztea injustiziaren aurrean garaipen txiki bat izan da eta uste du kasu honek aurrekaria ezarri beharko lukeela Mozal legea behin betiko bertan behera uzteko.
2017ko maiatzean jazotako gertakari batzuen harira jarri zioten 602 euroko isuna Hala Bediko kazetariari. Gasteizko Errekaleor auzoan ari zen lanean eta desobedientzia arau hauste larria leporatu zioten. Gertakariak izan eta hilabete batzuetara bidali zion isuna Ertzaintzak, ertzainen aginduen kontra polizia hesia apurtzea leporatuta.
Epaiaren arabera, ordea, arau haustearen erruduntasun froga falta da eta, beraz, ez du isunik ordaindu beharko. Epaia irmoa da, eta beraz ezin zaio helegiterik jarri.
Hala Bedik kaleratutako oharrean dioenez, Eusko Jaurlaritzak ordaindu beharko ditu auzibideak eragindako kostuak. Hala Bedik berretsi du salaketa Ertzaintzak egindako txosten faltsu batean oinarritzen dela eta salatu du kazetariarena ez dela kasu isolatu bat. Ildo horretan, hedabideak Eusko Jaurlaritza egin du konplize. Azaldu duenez, 8.000 alditan baino gehiagotan ezarri du Mozal legea 2016ko uztailetik.