Politika -

Hauteskunde orokorrak

RTVEk apirilaren 23rako proposatu du lauko eztabaida, Atresmediakoaren egun berean

Atzo igorritako oharrean, RTVEk hautagaien esku utzi zuen eztabaidaren data erabakitzea, Pedro Sanchezek bertan parte hartuko zuela jakin ostean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

RTVEk ostegun honetan jakinarazi du PSOE, PP, Ciudadanos eta Unidas Podemos alderdietako hautagaiekin eztabaida bat egiteko asmoa duela, apirilaren 23an, hots, Atresmediak iragarritako egun berean.

Ohar batean, RTVEk berretsi du "guztiona den telebista kateko" eztabaidan parte hartzeko gonbidapena luzatu diela lau hautagaiei.

"Zerbitzu publikoa emateko dugun konpromisoa oinarri, eta eztabaida mundu osora zabaltzeko asmoz, Espainiako komunikabide guztiek doan jasoko dute seinalea", azpimarratu du.

Gainera, Xabier Fortesek zuzendutako saioa RTVEren telebista eta irrati kate guztietan emango dute, baita nazioartekoetan ere, "Espainiatik kanpo bizi diren espainiarrek ere ikus eta entzun dezaten".

Atzo igorritako oharrean, RTVEk hautagaien esku utzi zuen eztabaidaren data erabakitzea, Pedro Sanchezek bertan parte hartuko zuela jakin ostean.

Aurretik, Atresmediak iragarri zuen apirilaren 23ko eztabaidari eutsiko ziola, eta Pablo Casadok (PP), Albert Riverak (Ciudadanos) eta Pablo Iglesiasek (Unidas Podemos) bertan parte hartzeko asmoa erakutsi dutela.

Hasiera batean, Sanchezek berak ere Antena 3 eta La Sexta telebista kateek emango duten eztabaidan parte hartzea onartu zuen, baina Voxi saio horretan egotea debekatu ziotenean, Espainiako presidenteak erabakia aldatu zuen.

RTVEk ohar horretan argitu duenez, "gisa horretako eztabaidetan parte hartzeko orduan, baldintzak zehazteko eskubidea dute alderdi politikoek".

Eztabaida astelehenean izatea eskatu dute Iglesiasek, Casadok eta Riberak

PPk, Unidas Podemosek eta Ciudadanosek ez dute parte hartuko RTVEk apirilaren 23an egingo duen eztabaidan. Izan ere, aldez aurretik Atresmediak finkatu zuen data hori, eta alderdi politiko horietako hautagaiek bertan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten. Orain, Pedro Sanchezek RTVEko eztabaidan izango dela iragarri du, eta gainerako alderdiek data aldatzeko eskatu diote RTVEri, biak egun berean izan ez daitezen.

Pedro Sanchezek argi utzi du soilik RTVEk antolatu duen eztabaidan parte hartzeko asmoa duela, “espainiar guztiak ordezkatzen dituen telebista delako eta seinalea beste telebistei eskainiko dielako”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hauteskunde orokorrak Pablo Iglesias Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Albert Rivera Hauteskundeak Pablo Casado Blanco