Politika -
ESKUMENAK
AP-68a Euskadira eskualdatzea adostu dute Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak
Asteartean bilduko da Transferentzien Batzorde Mistoa, bideokonferentziaz, eta bilera horretan sinatuko da autobidearen kudeaketaren eskualdatzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AP-68 autobidearen kudeaketa Euskadiren esku uztea adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, eta bihar izenpetuko dute akordioa, Transferentzien Batzorde Mistoak bideokonferentzia bidez egingo duen bileran.
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak jakitera eman duenez, eskualdatzeak juridikoki eta ekonomikoki izango dituen eraginak aztertu dituzte, eta "Kontzertu Ekonomikoan eta Kupoan" jasotakoak aintzat hartuta, akordioa erdietsi dute.
Iturri horren arabera, joan den ostegunetik negoziazioak "areagotu" egin dituzte, eta asteburu osoan bi aldeak hizketan egon dira. Azkenean, gaur itxi dute akordioa.
Oraindik eskualdetzeke dauden gainerako eskumenen inguruan negoziatzen jarraitzeko "konpromisoa" berretsi dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.
AP-68aren inguruko akordioa itxita, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzteko negoziazio mahaian dauden beste eskumenak hauek dira: lan-erregulazio espedienteek kaltetutako langileen erretiroarena, produktu farmazeutikoen gaineko legediarena eta ikastetxeetako seguruarena.