Politika -
TENTSIOA ETA ISTILUAK
Bost atxilotu Bilbon, Voxen kontrako protesta batean izan diren istiluetan
Enfrentamenduak izan dira Ertzaintzaren eta Voxen aurka Euskalduna Jauregian kontzentratu direnen artean. Goizean ere tentsioa izan da eskuin muturreko alderdiak Donostian egin duen ekitaldi batean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez bost pertsona atxilotu dituzte gaur arratsaldean Bilbon, Ertzaintzaren eta Voxen aurka protesta egiten ari ziren hainbat pertsonen artean izan diren istiluetan. Gainera, emakume bat zaurituta eraman dute ospitalera, eta hiru ertzainek kolpeak jaso dituztela jakinarazi du Segurtasun Sailak.
Eskuin muturrak hauteskundeetako ekitaldia egiteko asmoa zeukan 18:00etan Euskalduna Jauregian (atzeratu egin da, azkenean, hasiera), baina ordu horren aurretik ehun bat pertsona baino gehiagok elkarretaratzea egin dute bertan, Voxen presentziagatik protesta egiteko. "Euskal Herria antifaxista", "Gora Euskadi askatuta", independentziaren aldeko oihuak eta Santiago Abascal Voxeko presidentearen aurkako leloak bota dituzte.
Ertzaintza manifestarien aurrean jarri da, eta tentsioa areagotuz joan da. Azkenean, kargatu egin du Ertzaintzak, hainbat pertsonek objektuak botatzen zizkieten bitartean. Toki horretatik dispertsatu egin dituzte, eta istiluak izan dira inguruko kaleetan.
Goizean, jada, tentsioa egon da Voxek egin duen ekitaldi batean Donostian:
Eta Abascal berak "babesa" eskatu dio publikoki Ertzaintzari Twitter bidez:
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 5 pertsona identifikatu dituzte Donostiak protesta antifaxistan. Horietako lauri Herri Segurtasun Legearen kontrako espediente administratiboa ireki diete.
Sortuk "garbitu eta desinfektatu" egin du Donostian, Kursaal ingurua
Sortuk oharra bidali du arratsaldean, Santiago Abascalen alderdiaren ekitaldiaren ostean "boluntario talde batek Kursaal ingurua itxi eta garbitu" egin duela jakinaraziz: "Hala, eskuin muturra, autoritarismoa eta faxismoa zein arriskutsuak diren ohartarazi diogu jendeari". "Ultra horiei hemen ez direla ongietorriak" esan nahi izan die ekintza horrekin Sortuk.