Politika -

Autodeterminazioa

Estatuarekiko harremanean erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Eusko Legebiltzarrak

Gainera, “Estatuko sektore eta alderdi batzuek” oinarrizko eskubideen aurka egindako erasoak errefusatu ditu Ganberak, “ideologiak legez kanpo uztea eskatzera ere heldu baitira”.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman eredu berri bat aldarrikatu du Eusko Legebiltzarrak, “berdintasun, aldebikotasun eta itunean” oinarritutakoa. Horretarako, berme sistema bat eta erabakitzeko eskubidea eskatu ditu Ganberak.

EAJk eta EH Bilduk zuzenketa adostu dute, koalizioak mozioa aurkeztu ondoren. PSE-EEk eta PPk aurkako botoa eman dute, eta Elkarrekin Podemos abstenitu da.

Gernikako Estatutua garatzeko eskaera berretsi du Ganberak testuan, eta euskal autogobernua “eragotzi, hustu eta baldintzatu” nahi duten estrategia eta adierazpen politikoak arbuiatu ditu.

Horregatik, Lomce, lan erreforma eta mozal legea bezalako araudiak indargabetzea eskatu du Legebiltzarrak. Era berean, espetxe politikaren “salbuespenarekin” bukatzea aldarrikatu du Ganberak, beste lurralde batzuetan zigorra betetzen ari diren presoak hurbiltzea eskatuz. Azkenik, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak aske uztea eskatu du.

Gainera, “Estatuko sektore eta alderdi batzuek” oinarrizko eskubideen aurka egindako erasoak errefusatu ditu Ganberak, “ideologiak legez kanpo uztea eskatzera ere heldu baitira”.

“Elkarrekiko errespetu eta leialtasun instituzional zintzo” bat sendotzeko Estatuarekin harreman eredu berri bat ezinbestekoa dela uste du Legebiltzarrak, Estatutua ez betetzea eta “horren erabilpen politikoa egitea” ezinezkoa izateko. Zentzu horretan, “berdintasuna, aldebikotasuna eta ituna”, aldarrikatu ditu Ganberak.

Ereduak berme sistema bat eta autodeterminazio eskubidea gauzatzeko bideak jaso behar ditu.

Autogobernua eguneratzeko orduan, eskumenak berritzeko eta egokitzeko garaian, euskal gizartearen eskakizun eta beharrizanak kontuan izan behar direla azpimarratu du Ganberak, herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak bermatzeko helburuarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak