Politika -

Balentziaga Museoaren auzia

Argilagos arkitektoaren ordainsariaren klausula gehiegizkoa zela esan du lekuko batek

Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendari batek eta Getariako udaletxeko zenbait langilek deklaratu dute lekuko gisa Mariano Camio alkate ohiaren aurkako epaiketaren hirugarren saioan.

Mariano Camio Getariako alkate ohia, akusatuen aulkian. Argazkia: EFE
Mariano Camio Getariako alkate ohia, akusatuen aulkian.
Mariano Camio Getariako alkate ohia, akusatuen aulkian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendari batek eta Getariako udaletxeko zenbait langilek deklaratu dute lekuko gisa Mariano Camio alkate ohiaren aurkako epaiketaren hirugarren saioan.

Mariano Camio Getariako alkate ohiak Julian Argilagos arkitektoari Balentziaga Museoa eraikitzeko egin zion kontratua "ez zen ohikoa" eta ordainsaria handitzeko klausula "gehiegizkoa" zen.

Hala adierazi du Pilar Azurmendi Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare zuzendariak Mariano Camioren aurkako epaiketaren hirugarren saioan. Fiskaltzak zortzi urteko kartzela-zigorra eskatzen du harentzat nahiz ihes eginda dagoen Argilagosentzat. Hirugarren auzipetu bat ere badago: Rolando Paciel arkitektoa.

Camiok Balentziaga Fundazioan eta Berroeta Aldamar sozietate publikoan egindako kudeaketa aztertu zuen Azurmendik, eta 2007an antzeman zuen irregulartasunak izan zitezkeela. Harrezkero zorrotz jarraitu zuten Getariako alkate ohiak egiten zuen guztia.

Horrela jakin zuten lan beragatik ordainketa bikoitzak egin zirela eta Argilagosi egitasmoaren aurreko lanak egitegatik ordaindu ziotela, lan hori Eptisa-Cinsa ingeniaritza enpresak egin eta gero.

Halaber, museoa barrutik diseinatzeko proiektuaren maila nahikoa ez zela ikusi zuten. Horregatik guztiagatik, Argilagos eta Paciel arkitektoen kontratuak etetea erabaki zuten. Argilagos Miamin bizi zen bitartean, Pacielen ardura zen Getariako lanak zuzentzea.

Camiok Argilagosi egin zion kontratuaren harira, ohikoa ez zela eta ordainsaria aurrekontuaren arabera handitzeko klausula “gehiegizkoa” zela azpimarratu du.

Egitasmo bat burutzeko prezioa hasieran finkatzen dela esan du Azurmendik. Obraren konplexutasunagatik ezustekoak izan daitezkeela eta horrek azkenean gehiago ordaindu behar izatea eragin dezakeela onartu du, baina Balentziaga Museoaren kasuan halakorik izan ez zela zehaztu du.

Museoa eraikitzeko hasierako prezioa 4,5 milioi eurokoa izan zen, baina azkenean 30 milioi euro ordaindu behar izan zituzten. Azurmendik esan du nabarmena zela proiektu hori gauzatzeko 4,5 milioi baino gehiagoko inbertsioa egin beharko zutela; izan ere, solairuko 300 metro karratu dituen Aldamar Jauregia eraberritzeko 3,5 milioi erabili behar izan zituzten, eta museoak 8.000 metro karratu ditu. "Argi zegoen ez zela nahikoa izango", erantsi du.

Udaletxeko funtzionario eta teknikariek ere deklaratu dute gaurko saioan lekuko gisa. Udaletxeko arkitektoak esan du berak araudia betetzen zela bermatu behar zuela eta laster ohartu zela Argilagos kolegiatuta ez zegoela, Kuban lortu zuen titulua homologatu gabe zeukala eta hasieran aurkeztu zuen zirriborroak hirigintzako arauak urratzen zituela. Horregatik, proiektua aldatzeko esan zion.

Egitasmoa "gehiegizkoa" zela uste zuelako, proiektutik kanpo geratzea erabaki zuela ere onartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Epaiketak Ekonomia Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Getaria Cristóbal Balenciaga Bildumak