Politika -

Transferentziak

Balorazio ekonomikoan izandako desadostasunak eskumenen transferentzia atzeratu du

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ez dute akordiorik lortu mahai gainean dituzten lau eskumenen transferentzia gauzatzeko. Halere, negoziatzen jarraitzeko konpromisoa agertu dute bi aldeek.

Eusko Jaurlaritzaren negoziazio taldea. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzaren negoziazio taldea
Eusko Jaurlaritzaren negoziazio taldea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzek osatzen duten Bitariko Batzordeak lau eskuduntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) esku uzteko negoziatzen jarraitu beharko dute, atzo ere ez zutelako lortu akordiorik. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Kontzertu Ekonomikoan hitzartutako harreman ereduan dago desadostasuna.

Jaurlaritzako iturriek ohar bidez azaldu duenez, eskualdatu beharreko lau eskumenen testu juridikoak "ia-ia hitzartuta daude, zintzilik dagoen kontu txiki batzuen faltan".

Hala ere, Espainiako Ogasun Ministerioak eskumen batzuen inguruan aurkeztu duen balorazio ekonomikoa da akordiorako oztopo nagusia. Desadostasuna sakoneko auzi batean dutela ohartarazi du Jaurlaritzak, eta Kontzertu Ekonomikoan hitzartutako harreman ereduari eragiten diola.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, historikoki transferentzien negoziazio guztietan "arrakastaz" aplikatu den eredu hori "objektiboa" ez ezik, "eraginkorra" eta "justua" da.

Hori dela eta, orain eredu hori bertan behera utziko balitz, kolokan jarriko litzateke aurrez ezarrita dagoen oinarri objektiboa, Jaurlaritzaren arabera. Orain mahai gainean dauden eskumenetan ez ezik, zintzilik dauden gainerakoetan ere eragingo luke.

Gauzak horrela, Transferentzien Aldebiko Batzorde Teknikoak negoziatzen jarraitu beharko dute adostasuna lortzeko, osteguneko bilera akordiorik gabe amaitu ostean. Orotara, lau dira negoziatzen ari diren eskumenak: botiken inguruko legeria, eskola asegurua, diru laguntzak enplegu erregulazioko espedienteek kalteturiko langileentzat eta AP-68 autobidearen zati bat.

Atzoko bilera egin baino lehen, Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu zuen oraindik ere "desadostasunak" daudela Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean eskualdatu beharreko lau transferentzien alde ekonomikoari dagokionez. Halere, Estatutuan jasotako eskumenak eskualdatzeko akordioa hauteskunde kanpaina abiatu aurretik lortzeko itxaropena erakutsi zuen. Azkenean, baina, ez da hala gertatu.

Urkulluk atzo goizean jakinarazi zuenez, iragan astetik Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezekin hitz egiten ari da, mezu bidez. Gainera, bi gobernuetako ordezkaritzak behin baino gehiagotan bildu dira, lau transferentziak eskualdatzeko orduan bete beharreko baldintzak zehazteko.

Bestalde, bi administrazioen artean negoziazioen harira itundutako egutegia eta transferentzien inguruan egindako "balorazioak" betetzeko eskatu dio lehendakariak Sanchezi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua