Politika -

Balentziaga Museoaren auzia

Getariako alkate ohia Julian Argilagosen mesedetan aritu zela esan dute lekukoek

Balentziaga Museoaren egitasmoan izan ziren irregulartasunen auzian ari dira epaitzen EAJko alkate ohia. Hasierako aurrekontua 4,8 milioikoa izan zen, baina azkenean 30 milioiko kostua izan zuen.

Mariano Camio (EAJ) Getariako alkate ohia, akusatuen aulkian. Argazkia: EFE
Mariano Camio (EAJ) Getariako alkate ohia, akusatuen aulkian.
Mariano Camiok 'bere interesen arabera' erabiltzen gintuen

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Balentziaga Museoaren eraikuntzan atzemandako irregulartasunen auziko epaiketaren bigarren saioan lekukoen txanda izan da, eta akusazioek Mariano Camio Getariako alkate ohiaren kontra esandakoa berretsi dute, besteak beste, Julian Argilagos arkitektoaren mesedetan aritu zela esanez.

Balentziaga Museoa eraikitzeko aurrekontua 4,8 milioi eurokoa izango zela aurreikusi zuten 2000. urtean. Hamaika urte geroago, baina, gastua 30 milioi eurokoa izan zen.

Auzi honetan akusatu nagusia Mariano Camio EAJko alkate ohia da. Garai hartan bera zen Balentziaga Fundazioaren presidenteordea eta Berroeta Aldamar sozietate publikoaren zuzendaria.

Fiskaltzaren arabera, Julian Argilagos museoaren proiektua egin zuen arkitektoaren mesedetan aritu zen, harekin "harreman estua" zuelako. Argilagos ere auzipetuta dago, baina ez da epaitegian izan, ihes eginda baitago.

Ministerio Publikoak azaldu duenez, arkitektoaren lan-kontratuan "gehiegizko" klausula bat ezarri zuten, museoaren aurrekontuan handitu ahala haren ordainsaria ere handitzeko. Horren ondorioz, 510.860 kobratzetik 1,12 milioi euro kobratzera igaro zen Argilagos.

Auzi honetan hirugarren auzipetu bat ere badago: Rolando Paciel arkitekto kubatarra. Isuna ezar diezaiokete homologatu gabeko titulu batekin lan egiteagatik.

Argilegos arkitektoaren mesedetan

Gaurko saioan irregulartasunak ikertu zituen ertzainak deklaratu du lekuko gisa, eta Fiskalaren bertsioa baieztatu du; izan ere, "edozein profesional hasieratik konturatuko litzateke egitasmo hura 4,8 milioiko aurrekontuarekin gauzatzea ezinezkoa izango zela eta aurrekontua handitu egin beharko zela", adierazi du.

Egoera horrek Argilagosi mesede egin ziola eta Mariano Camio alkate ohia une oro haren alde aritu zela gaineratu du. Ikerketak aurrera egin ahala, iruzur honen xedea arkitekto kubatarrari mesede egitea izan zela esan du.

Horrez gain, ertzainak baieztatu du Argilagos Kuban eskuratu zuen arkitekto titulua homologatu gabe aritu zela lanean.

Halaber, Camiok eta Argilagosek "harreman estua" zutela esan du. Areago, Getariako alkate ohiak arkitektoarenganako "menpekotasuna" zuela eta horregatik jardun zuela horrela zehaztu du.

Bestalde, ertzainak beste hainbat datu ere berretsi ditu: faktura bikoitzak antzeman zituztela, Camiok Argilagosi inolako lehiaketa publikorik egin gabe esleitu ziola proiektuaren ardura eta kontratuaren klausulak ezkutatu zizkiola Patronatuari.

Era berean, ertzainak azaldu du lanarekin inolako zerikusirik ez zuten hainbat bidai egin zituztela Parisera eta Estatu Batuetara, eta bidaia horiek diru publikoarekin ordaindu zirela.

Manuel Cabrera Balentziaga Fundazioko idazkariak ere ildo beretik hitz egin du epailearen aurrean. Erakunde horrek Camioren "kapritxoen eta irizpideen" arabera funtzionatzen zuela esan du eta Patronatuak onartutako akordio asko bete ez izana egotzi dio.

Hubert Givenchy Frantziako jostun ezagunak EAJko alkate ohiaren jarreragatik Fundazioari kexa bat igorri ziola ere kontatu du. "Liskarrik ez sortzeko eta arazoetan ez sartzeko gomendatu zioten", erantsi du.

Egitasmoari dagokionez, gai ekonomiko batzuk ulertezinak zirela ohartu zirenean, "alarmak piztu" zirela aitortu du Cabrerak, eta Camiok eskatutako informazio ekonomikoa ematen ez ziela ikusita, haren kargugabetzea eskatu zuen, "eskandaluagatik kezkatuta".

Gaurko saioan Edurne Insausti Balentziaga Fundazioko administrazio eta finantza arduradunak ere deklaratu du lekuko gisa. Argilagosen enpresei egindako ordainketen faktura asko jasotzen ez zituela eta Camiori azalpenak eskatu behar izaten zizkiola esan du.

Egoera "kaotikoa" zela eta jarduteko modua ez zela serioa adierazi du. "Faktura batzuk eskuz idatzita jasotzen nituen; lardaskeria bat zen", kritikatu du.

Epaiketaren hirugarren saioa ostegunean egingo dute. Lekuko gehiagok deklaratuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Epaiketak Ekonomia Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Getaria Getariako Balenciaga Museoa