Politika -
Eusko Legebiltzarra
Legebiltzarreko Mahaiak aho batez babestu du Julen Arzuaga
Halaber, EH Bilduko legebiltzarkideak jasan dituen mehatxuak azter ditzala eta bere segurtasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Legebiltzarreko segurtasun arduradunari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan den asteko bilkuran Espainiako Polizia eta Guardia Zibilari lotutako erakundeak gogor kritikatu ostean, Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariak mehatxuak eta irainak jasan ditu.
Gaur, Legebiltzarreko Mahaiak –EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE- aho batez onartu du Arzuaga babesteko adierazpena, Europa Press agentziak jakinarazi duenez.
Proposamena EH Bilduk eraman du Mahaiaren bilerara. Laburbilduz, hiru eskaera egin du koalizio soberanistak: egunotan jasaten ari den mehatxu eta irainengatik Arzuagari babesa adieraztea; Legebiltzarrean izan ziren eta Arzuagari mehatxuak eta irainak egin zizkioten Jusapol Poliziaren sindikatuko ordezkariak identifikatzea; eta Arzuaga iraindu zuten Alderdi Popularreko legebiltzarkideak zigortzea.
Legebiltzarreko Mahaiak aho batez onartu du Arzuagari babesa adieraztea eta sare sozialen bidez irainak eta mehatxuak gaitzestea. Ildo horretan, gogora ekarri du EH Bilduko ordezkariak agerraldi hartan bere adierazpen askatasuna gauzatu zuela eta legebiltzarkide izateagatik babestuta dagoela.
Halaber, Ganberako segurtasun arduradunari Arzuagak jasan dituen mehatxuak azter ditzala eta haren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu dio.
Alabaina, beste bi eskaerak baztertu egin ditu, eta, ondorioz, Mahaiak ez du Jusapol sindikatuko ordezkariak identifikatuko eta ez ditu PPko legebiltzarkideak zigortuko.
"Iraingarria eta laidogarria izan zen", PPren ustez
Auzi horren inguruan galdetu diote asteazken honetan Carmelo Barrio Arabako PPko bozeramaile eta legebiltzarkideari. Horren ustez, Arzuagaren hitzak —"nazi, frankista eta nazkagarri'— "iraingarriak" izan ziren, eta beraz, ulertzekoa da Estatuko Segurtasun Indarrek EH Bilduko legebiltzarkidea auzitara eramatea.
Onda Vascan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, PPko ordezkariek ez zuten koalizio abertzaleko kidea iraindu, eta adierazpenengatik protesta baino ez zuten egin.
"Gonbidatuen artean Espainiako poliziak, guardia zibilak eta ertzainak zeuden. Legebiltzarkideak irainak bota zituen bata bestearen ostean. Presidenteak (Bakartxo Tejeria) hitz egiten utzi zion. Gu protesta egin genuen, eta horregatik utzi genuen Ganbera Arzuaga hizketan ari zela", erantsi du.
Horren ildoan, gogorarazi du "historikoki" legebiltzarkide batek ez duela "inoiz" gonbidatu baten kontrako irainak egin Legebiltzarrean. Barrioren ustez, "Arzuaga bere onetik irtenda zegoela esatea oso esaldi suabea da. Iraingarria izan zen, laidogarria".
Barriok azpimarratu du Jusapoleko kideek ez zutela Arzuaga iraindu: "Eurek ez zuten ezertxo ere egin. Arzuagak iraindu zituenean, zutunik jarri ziren eta bizkarra eman zioten, protesta gisa"..