Politika -

EPAIKETA

Hasi da Balenciaga kasuaren epaiketa Donostiako epaitegian

Mariano Camio Getariako alkate ohia akusatuen aulkian eseri da. Fiskalak 8 urteko kartzela zigorra eskatzen du berarentzat, Balenciaga museoaren eraikuntzan ustez egindako irregulartasunengatik.

Hasi da Balenciaga kasuaren epaiketa. Argazkia. EFE
Hasi da Balenciaga kasuaren epaiketa
Mariano Camio 'oso lasai' iritsi da epaitegira

0:43

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi da Donostiako Zigor Epaitegian Balenciaga kasuaren epaiketa. Mariano Camio Getariako alkate ohia eseri da akusatuen aulkian, Getariako Balenciaga museoa eraikitzeko lanetan ustez egindako irregulartasunengatik. Lehen saioa 09:30ean abiatu da.

Fiskalak Balenciaga museoaren lanak nahita garestitu izana leporatzen dio Camiori, Julian Argilagos arkitekto kubatarraren mesedetan. Hori dela eta, zortzi urteko kartzela zigorra eskatzen du berarentzat. Fiskalaren arabera, garai hartan maitaleak ziren.

Hasiera batean, 2018ko apirilaren 4tik 13ra bitartean egitekoa zen ahozko saioa, baina akusatu nagusiaren osasun arazoak tarteko, urtebete atzeratu da. Azkenean, apirilaren 9tik 17ra bitartean egingo da. Ezustekorik ezean, hiru akusatuetako bat den Julian Argilagos arkitekto kubatarra ez da epaiketara agertuko, 2005etik ihes eginda baitago.

Argilagos atxilotzeko eta Espainiaratzeko nazioarteko agindua indarrean badago ere, oraingoz ez du fruiturik eman. Auzi honetan auzipetutako hirugarrena Rolando Paciel arkitekto kubatarra da.

Zigor eskaerei dagokienez, Gipuzkoako Fiskaltzak zortzi urteko kartzela zigorra eskatzen du Mariano Camiorentzat, Balenciaga museoaren kudeaketan ustez egindako irregulartasunengatik. 2011ko ekainean inauguratu zuten Cristobal Balenciagaren omenezko museoa Getarian, eta auzibidea irekita zegoen ordurako.

Gainera, Ministerio Publikoak lau urteko kartzela zigorra eskatzen du Julian Argilagosentzat, eta 3.600 euroko isuna, ostera, Rolando Pacielentzat. Ez batak ez besteak ez zuten arkitekto gisa hemen lan egiteko baimenik. Julian Argilagosek proiektuaren ardura hartu bazuen ere, Miamin bizi zen, eta, ondorioz, obraren gaineko ardura Rolando Pacielek hartu zuen bere gain. Ez batak eta ez besteak ez zuten baimenik hemen lan hori egiteko.

Fiskalaren esanetan, Camio Argilagos aberasten saiatu zen. Fiskalak dioenez, Camiok eta Argilagosek kontratu bat sinatu zuten, eta, horren arabera, gainkosturen bat egonez gero, handitu egingo zen jaso beharreko diru kopurua. Hasiera bateko aurrekontua 800 milioi pezetakoa (4,8 milioi euro) bazen ere, hirukoiztu egin zen eta 15 milioi eurokoa izatera iritsi zen. Argilagosek, bere aldetik, 1.126.830 euro jaso zituen.

Cristobal Balenciaga museoa eta Berroeta Aldamar sozietatea akusazio partikular gisa aurkeztu dira epaiketan. Berroeta Aldamar sozietateak kudeatu zituen museoa eraikitzeko lanak, eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Getariako Udalak osatu zuten. Akusazio partikularrek bat egiten dute fiskalarekin zigor horiek eskatzerakoan.

Kontzientzia garbi duela esan du Camiok

Epaiketa hasi aurretik, Balenciaga auziko akusatu nagusiak esan du "oso lasai" dagoela eta kontzientzia garbi duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Epaiketak albisteak Ustelkeria politikoa gaur Albisteak Gaur Eguneko albisteak Getaria Museoak Balenciaga Museoa